Ekonomia -

Langabezia

Langabezia % 0,87 jaitsi da EAEn eta % 1,82 Nafarroan irailean

Enplegu zerbitzu publikoetan erregistratutako langabeen kopuruak behera egin du; 1.164 gutxiago zenbatu dituzte EAEn, eta 656 gutxiago Nafarroan.

Irudia: EiTB
Irudia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEn enplegu zerbitzu publikoetan erregistratutako langabeen kopuruak behera egin du; abuztuan baino 1.164 langabe gutxiago zenbatu dituzte irailean. Guztira 132.046 pertsona daude izena emanda, aurreko hilean baino % 0,87 gutxiago. Estatuko zazpi erkidegotan egin du behera langabeziak; EAEn eta Nafarroan, besteak beste.

Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak astearte honetan argitaratutako datuen arabera, 2016ko iraileko datuekin alderatuta, 12.070 pertsona gutxiago zenbatu dituzte irailean langabezian; urte arteko jaitsiera % 8,38koa izan da, beraz, Espainiako batezbestekoa (% 8,34) baina lau hamarren handiagoa.

Espainiari dagokionez, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoko (SEPE) bulegoetan 27.858 pertsona gehiago zenbatu dituzte irailean langabezian, aurreko hilabeteko datuekin alderatuz gero; beraz, 3.410.182 pertsona zeuden irailean langabeziaren bulegoetan izena emanda.

Nafarroan ere, behera egin du

Nafarroako enplegu zerbitzuetako bulegoetan, 656 pertsona gutxiago izan dituzte irailean erregistratuta, % 1,82 gutxiago, Enplegu Ministerioaren datuen arabera. Foru Erkidegoan, guztira, 35.295 langabe daudela jakinarazi du, duela urtebete baino % 10,15 gutxiago.

Irailean, 273.544 afiliatu zenbatu dituzte Gizarte Segurantzan izena emanda, aurreko hilean baino 1.949 gehiago eta 2016ko irailean baino 8.292 gehiago; urte arteko igoera, beraz, % 3,13koa izan da.

Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioaren arabera, bulego horietan izena emanda dauden pertsonetako 226.213 erregimen orokorrean daude izena emanda, 5.506 daude nekazaritzako erregimenean, etxeko langileenean 7.613, eta 47.331 daude langile autonomoen erregimenean.

Zazpi autonomia erkidegotan egin du behera langabeziak (Gaztela-Mantxan jaitsi da gehien), eta hamabitan igo da (bereziki Andaluzian).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa EAE Ekonomia 2024 Gaurko azken orduko albistea