Ekonomia -

KONTRATU BERRIA

CAFek ia 200 milioiko kontratua lortu du, Ingalaterran trenak egiteko

Konpainiak jakinarazi duenez, proiektuari esker sendotu egin du Erresuma Batuko merkatuan trenen fabrikatzaile nagusien artean CAFek betetzen duen tokia.

Argazkia: CAF
Argazkia: CAF
Argazkia: CAF

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Beasaingo CAF enpresak ia 200 milioi euroko kontratua lortu du Mendebaldeko Midlands frankiziarekin Ingalaterran tren berriak egiteko, hornitzeko eta mantentzeko. Izan ere, Abellio, Japan East Railway Company, eta Mitsui & Co Ltdk osatzen duten West Midlands Trains Ltd enpresak CAF aukeratu du lan horietarako. Konpainiak azpimarratu duenez, proiektuak Erresuma Batuko merkatuan trenen fabrikatzaile nagusien artean betetzen duen tokia sendotzea ahalbidetuko du.

CAFek ohar bidez jakinarazi duenez, aipaturiko kontratua frankizia horrek hurrengo urteotan egingo duen 1.000 milioi libera inguruko inbertsioaren baitan sartu behar da. Kontratuaren gutxi gorabeherako zenbatekoa 200 milioi eurokoa da eta guztira diesel motako 26 tren egingo ditu (2 kotxeko 12 tren eta 4 kotxeko beste 14 tren izango dira). Horren helburua egungo ibilgailuen flota ordezkatzea eta Birmingham eskualdeko hiri eta udalerriak lotzen dituzten lineetan aurreikusi duten bidaiari kopuruaren igoerari aurre egitea da.

Infracapitalek eta Deutsche Asset Managementek gidatuko dute tren berrien finantzaketa-eragiketa. CAFen esanetan, trenak West Midlands trenen frankizia berriari errentan hartuko dizkiote, eragiketa mota horietan ohikoa izaten den moduan.

"Proiektu honek sendotu egin du Erresuma Batuko merkatuan trenen fabrikatzaile nagusien artean CAFek betetzen duen tokia, eta lorpen bikaina da CAFen mendeurreneko urtean", nabarmendu du Richard Garner Erresuma Baturako eta Irlandarako CAFeko Negozioen Garapeneko zuzendariak.

"Pozik gaude lan hau CAFi emateaz eta gure frankizia guztietan 1.700 kotxe berritan 3 mila miloi liberako inbertsioa geratzen ari garela erakusten du horrek. Gainera, albiste bikaina da tren horietako asko Erresuma Batuan fabrikatzea", esan du bere aldetik Abellio UK enpresako zuzendari kudeatzaileak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoako albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Lana albisteak Erresuma Batua albisteak CAF albisteak Ekonomia Prentsa digitalaren azken orduko Beasain bideoak Eguneko albisteak Industria