Ekonomia -

EAE-ko kontuak

2018rako aurrekontuen proiektua 11.486 milioi eurokoa da

Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak nabarmendu duenez, Jaurlaritzak "inoiz izandako aurrekonturik handienak" dira.

Azpiazu, Lehendakaritzan egindako agerraldian. EFE
Pedro Azpiazu. EFE
Eusko Jaurlaritzak 11.486 milioi euroko aurrekontua du esku artean

1:13

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2018ko Aurrekontu Legearen aurreproiektua onartu du gaur Eusko Jaurlaritzak gobernu bileran. Ondoren egindako prentsaurrekoan Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak zehaztu duenez, 11.486,4 milioi eurokoa izango da, 2017koa baino % 3,9 handiagoa (426 milioi gehiago). "Jaurlaritzak inoiz izan dituen aurrekontu handienak dira", azpimarratu du Azpiazuk.

Ekonomia sendotze bidean dagoela aintzat hartuta prestatu ditu diru-kontuak Urkulluren Gobernuak. Epe luzeagorako helburua ere ezarri du Jaurlaritzak: 2020rako, defizita zerora jaitsi eta zor-maila Barne Produktu Gordinaren (BPG) % 13tik behera egotea nahi du.

Azpiazuren hitzetan, zorraren amortizazioari eta abiadura handiko trenaren lanei dagokiena kenduta, 2018ko aurrekontuek 290,4 milioi gehiago izango dituzte, % 2,9 gehiago.

Proiektua astelehenean, urriaren 30ean, erregistratuko dute Legebiltzarrean, beharrezko izapideak abiatzeko. EAJk eta PSE-EEk boto bat gehiago behar dute aurrekontu horiek onartzeko, eta negoziatu egin beharko dute. Horren ildoan, sailburuak "talde guztiei" luzatu die eskua, eta proiektua aurrera aterako den itxaropena duela esan du.

 

 

Aurrekontu proiektuaren ildo nagusiak aurreratzeaz gain, 2017 eta 2018. urteetarako hazkunde ekonomikoaren aurreikuspenen berri eman du Azpiazuk. Hala, aurrez egindakoa igo du Jaurlaritzak: 2017an, % 2,9 haziko da EAEko Barne Produktu Gordina (BPG) eta 2018an, % 2,4 (% 2,7ko eta % 2,3ko aurreikuspena zuen egina Urkulluren Gobernuak).

Enpleguaren inguruko aurreikuspenak ere prestatu ditu Eusko Jaurlaritzak. 2018an lanaldi osoko 15.500 lanpostu berri sortuko direla eta langabezia tasak behera egiten jarraituko duela espero du, ehuneko 10etik beherako helburura hurbiltzeko.

Aurrekontuen % 77, gizarte politiketara

Azpiazuren hitzetan,  aurrekontuon helburuak "politika publikoak bermatzea eta hobetzea eta enplegua eta garapen ekonomikoa sustatzea" dira. Aurrekoetan bezala, gizarte politiketara bideratuko dute lau eurotik hiru; % 77, hain zuzen (aurreko ekitaldian baino puntu bat gehiago).

Ekonomiaren suspertzeari esker, Jaurlaritza "inbertsio berriak egiteko ahalmena" berreskuratzen ari dela esan du Ogasun eta Ekonomia sailburuak, eta hori da, hain justu, proiektu honen ezaugarrietako bat, % 7,4 haziko baitira.

Osasun Sailak izango du inbertsio gorakada handiena, 3.671 milioi euroko aurrekontuarekin (2017an baino 128 milioi gehiago).

Hezkuntza Sailak 2.717 milioi euro izango ditu (aurrekoan baino % 1,9 gehiago). Aipatzeko modukoak dira arlo honetan haurtzaindegiei edota EHUri bideratutako partidak (16,3 milioi euro gehiago).

Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari 1.014 milioi euro bideratuko dizkiote. Diru-sarrerak bermatzeko errenta eta funtzionarioen soldata % 1,5 igoko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak Eusko Legebiltzarra albisteak EAE Ekonomia albisteak Eguneko albisteak Aurrekontuen azken ordukoa BPGd Nafarroa