Ekonomia -

AKORDIOA

Ostiralean sinatuko dute Bizkaiko zahar-etxeetako auzia ebazteko akordioa

Akordioaren arabera, langileen soldata 140 eurotan igoko da, eta 106 lanordu gutxiago izango dituzte.

Bizkako zahar-etxeetako langileen manifestazioa. EITB artxiboko argazkia.
Bizkako zahar-etxeetako langileen manifestazioa. EITB artxiboko argazkia.

EiTB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko zahar-etxeetako gatazkak amaiera data dauka. Ostiralean sinatuko dute aurreakordioa ELA sindikatuak, gehiengoa duenak, eta sektoreko hiru patronalek.

Gaizka Miguel ELAko sektoreko ordezkariak jakinarazi duenez, "zerbitzuaren kalitatean hobekuntza ekarriko du akordioak", eta langileek 35 orduko lanaldia izango dute, "sektore publikoan bezala".

Hori horrela, ostiralean, goizeko 09:15ean, laneko gatazkak ebazteko Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan sinatuko dute akordioa ELA sindikatuak eta sektoreko hiru patronalek (GESCA, LARES eta ELBE).

Akordioaren arabera, langileen soldata 140 eta 160 euro artean igoko da eta "plus" ezberdinak izango dituzte. Bestalde, 106 lanordu gutxiago izango dituzte. Langileen trebakuntzan eta aldi baterako ezintasun estalduretan ere hobekuntzak emango dira.

Bizkaian azken urteetan izandako lan gatazkarik luzeenetakoak bukaera data duelako pozik dago ELA sindikatua.

Hala ere, kritiko ere bada, 5.000 langile eta 10.000 egoiliarrei eragingo dien akordioa lortzeko hainbeste denbora behar izan dutelako.

Hori dela eta, akordioa sinatu bitartean, zuhurtzia mantentzen jarraitzen du ELAk, eta ostiralera arte greban jarraituko dutela esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Bizkaia ELA albisteak Ekonomia 2024 Albisteak