Ekonomia -

LAN GATAZKA

Aztertzaileek Espainiako Trafiko Zuzendaritzaren azken proposamena aztertuko dute

Besteak beste, soldata igoera eta lanpostu gehiago sortzea eskatzen dute langileek.

Aztertzaileek Espainiako Trafiko Zuzendaritzaren proposamena onartu ala ez erabaki behar dute. EiTB
Aztertzaileek Espainiako Trafiko Zuzendaritzaren proposamena onartu ala ez erabaki behar dute. EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Trafiko aztertzaileek probintzia arteko batzarrak egingo dituzte gaur, Espainiako Trafiko Zuzendaritzak (DGT) egin dien azken proposamena onartu ala ez erabakitzeko. Trafiko Zuzendaritzak eta trafiko aztertzaileen Asextra elkarteko greba batzordeak bilera egin zuten atzo, lan gatazka konpontzen saiatzeko; izan ere, langileek dagoeneko lau hilabete daramatzate greban, eta, besteak beste, soldata igotzea eta lanpostu gehiago sortzea eskatzen dute.

Asextra elkarteak Europa Press albiste agentziari aurreratu dionez, asteburua baino lehen hartu nahi dute erabakia. Horrela, trafiko aztertzaileen kolektiboak azaroaren 20an jakinaraziko dio bere erabakia Trafiko Zuzendaritzari. Beraz, langileek azken eskaintza onartuz gero, greba bertan behera utziko dute astelehenetik aurrera.

Dena den, greba batzordeak ohartarazi duenez, aztertzaileek lanuzteei eutsiko diete aste honetan behintzat: "Greba deialdia ez dugu bertan behera utzi, eta ez da horrelakorik gertatuko langileek proposamena onartu eta akordioa adostu arte".

Trafiko Zuzendaritzaren esanetan, oraindik akordioa itxita ez badago ere, eta zenbait kontu lotu gabe izan arren, jarrerak "gerturatu" egin dituzte, eta datozen egunetan ere negoziatzen jarraituko dute.

Oraingoz, astearteko bilerari eta azken proposamenari buruzko xehetasunak ez zabaltzea adostu dute Trafiko Zuzendaritzak eta Asextra elkarteak, harik eta aztertzaileek eskaintza aztertu eta akordioa lortu arte.

Aztertzaileek 2015etik DGTrekin "hitzartuta" duten soldata igoera —200 bat euro hilean— eskatzen dute, beren lanaren konplexutasun teknikoak eta arriskua aitortzeko. Espainiako Trafiko Zuzendaritzaren esanetan, ordea, soldata igoera adostea Ogasun Ministerioari dagokio.

Aztertzaileen grebaren ondorioz, 166.000 azterketa bertan behera gelditu dira, eta kalte ekonomiko handiak eragin dizkie autoeskolei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Nafarroa gaur Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa Lana berriak Espainia Ekonomia berriak Albisteak