Ekonomia -

Azpiazurekin bilera

Aurrekontuen inguruko akordio bat adostea 'zaila' izango dela ohartarazi du EH Bilduk

Hala ere, akordio bat adosteko Eusko Jaurlaritzarekin hitz egiten jarraitzeari uko egingo ez diola azaldu du koalizioak.

Unai Urruzuno, Maddalen Iriarte et Leire Pinedo EH Bilduren ordezkaritzako kideak. Argazkia: EFE
Unai Urruzuno, Maddalen Iriarte et Leire Pinedo EH Bilduren ordezkaritzako kideak. Argazkia: EFE
Unai Urruzuno, Maddalen Iriarte et Leire Pinedo EH Bilduren ordezkaritzako kideak. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren 2018rako aurrekontuak adostea “zaila” izango dela ohartarazi du EH Bilduk; izan ere, Pedro Azpiazu Ogasun sailburuarekin gaur hasi den negoziazioa “baldintzaturik” dago, EAJk PSE-EErekin eta PPrekin dituen akordioengatik, hain zuzen ere. Hala ere, akordio bat adosteko Exekutiboarekin hitz egiten jarraitzeari uko egingo ez diola azaldu du koalizioak.

Maddalen Iriarte Eusko Legebiltzarreko EH Bilduren bozeramailea koalizioko ordezkaritzaren buru izan da bileran. Azpiazu koalizioarekin batzartu da, aurrekontuak aurrera ateratzeko babesen bila Jaurlaritzak oposizioarekin hasi dituen negoziazioen markoan.

Kontuak negoziatzeko baldintza bezala EAJk PSErekin eta PPrekin dituen akordioak haustea eskatu zuen EH Bilduk asteazkenean. Jeltzaleak sozialistekin batera EAEko erakunde nagusietako gobernuetan dira, eta Alderdi Popularrarekin akordio ekonomiko garrantzitsuak itxi dituzte azken hilabeteetan.

Aurrekontuak “hobetzen” saiatzeko, EH Bilduk Exekutiboarekin negoziazioak hasteari uko egin behar dionik ez du esan nahi horrek, Iriartek azaldu duenez. Koalizioko bozeramailearen ahotan, EH Bilduk Gobernuarekin hitz egiten jarraitzeko “interes handia” du. Horrela, kontuen inguruko proposamen ekonomiko bat egingo diola gaineratu du.

155. artikulua

Hala eta guztiz ere, Konstituzioaren 155. artikulua baliatuta, Kataluniako autonomian esku-hartzeak negoziazioa “baldintzatzen” duela onartu du Iriartek. Neurria demokraziaren “aurkako” eraso bat dela salatu du koalizioko bozeramaileak.

155. artikuluaren aplikazioagatik EAJk Espainiako Gobernuaren aurrekontuak babesteari uko egin dio, baina EAEn PSErekin koalizio gobernu bat mantentzen du, eta Euskadiko PPrekin akordioetara heltzea ez du baztertzen; bi alderdi horiek Konstituzioko artikuluaren aplikazioa babesten dute. Zentzu horretan, jeltzaleen “inkoherentzia” azpimarratu du Iriartek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Eusko Jaurlaritza albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia berriak EH Bildu Bizkaia Albisteak Euskadiko Aurrekontuak 2024