Ekonomia -

Epaia

Gorenak bankuen alde egin du HMEI hipoteken auzietan

Auzitegi Gorenak Kutxabankek aurkeztutako helegitea onartu du, epai batek Hipoteka Maileguen Erreferentzia Indizearen (HMEI) arabera sinatutako hipoteka baten interes klausula deuseztatu eta gero.

Gorenak Kutxabanken alde egin du IRPHren arabera sinatutako hipoteka batean
Gizon bat banku bulego batean.
Gorenak Kutxabanken alde egin du IRPHren arabera sinatutako hipoteka batean

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hipoteka batek HMEI (Hipoteka Maileguen Erreferentzia Indizea) indizeari erreferentzia egitea gardentasun falta edo neurrigabekeria bat ez dela erabaki du Auzitegi Gorenak. Ondorioz, kontratu horiek ez baliogabetzea ebatzi du, orain arte bankuek defendatu bezala.

Auzitegiko gai zibiletarako aretoak HMEIren erabileragatik hipoteka baten baliogabetze posiblea aztertu du gaur. Espainiako finantza entitate batzuek indize hori erabiltzen dute, bezeroek hilero ordaindu beharreko zenbatekoa kalkulatzeko. Hipoteka baliogabetzerik ez dagoela erabaki du gelak.

Konkretuki, Kutxabankek Arabako Lurralde Auzitegiaren epai baten aurka aurkeztutako kasazio helegitea onartu du Auzitegi Goreneko gai zibiletarako gelak. Arabako Auzitegiak hipoteka bat baliogabe utzi zuen HMEI indizea erabiltzeagatik.

Gorenak agiri baten bidez erabakiaren berri eman die aldeei, eta sententziaren testu osoa datozen egunetan argitaratuko du.

Auzia 2006an hasi zen. Salatzaileek hipoteka bat sinatu zuten Vital Kutxan. Hipotekak 35 urtera 250.000 euroko kapitala zuen, eta % 4,25eko interes-tasa HMEIri lotuta. 2009an hipoteka berritu zuten.

Bezeroek bankua auzitara eraman zuten, “gardentasun faltagatik eta gehiegikeria delako” HMEIri lotuta zegoen hipotekaren klausula baliogabetzea eskatuz. Era berean, berandutze-interes “neurrigabea” salatu zuten bezeroek.

2015ean, merkataritza-gaietarako Gasteizko epaitegiak klausula baliogabetu zuen, baita berandutze-interesa ere. Horrela, kobratutako diru kopuruak (75.000 euro) itzultzera zigortu zuen bankua.

Azkenik, Arabako Lurralde Auzitegiko epaiaren aurka kasazio helegitea aurkeztu zuen bankuak, eta Gorenak onartu egin du, gaur jakitera eman dutenez.

Duela lau urte, 2013ko azaroaren 1ean, HMEI ordezkatzen duen hipoteka indizea sartu zen indarrean.

IRPH Stop: "Bataila oso garrantzitsu bat galdu dugu"

IRPH Stop plataformak deitoratu duenez, “bataila oso garrantzitsu bat galdu dugu”. “Indizearen kaltedun guztientzako oso albiste txarra” izan dela uste du plataformak. Epaia eskuetan dutenean balorazio “negatiboan” sakonduko dutela iragarri du.

Azkenik, “familia kaltedun guztiei animoak” eman dizkie plataformak. “Sententzia honekin Espainiako sistema judizialean bidea amaitu ala ez, gehiegikeria honen aurkako gerra ez da bukatu”, ohartarazi du.

“Indize kriminal horren aplikazioarekin etxegabetutako familiak etxera bueltatu eta kobratutako diru kopuruak itzuli arte borrokan jarraituko dugu”, erantsi du.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Auzitegi Gorena bideoak Kutxabank berriak Hipotekak albisteak Ekonomia 2024 Gasteiz berriak Gaurko azken ordukoa Etxebizitza gaur