Ekonomia -

Erreforma fiskala

Sozietate-zerga % 28tik 24ra bi urtean jaistea adostu dute EAJk eta PSEk

Estatuaren tasatik behera kokatuko da. Sozialistek nabarmendu dute ez dela murrizketarik egongo diru-bilketan, eta, gainera, "egonkortasun-giroa" sortuko dela Aurrekontuei dagokionez.

EAJk eta PSEk izandako bilera baten irudia. Argazkia: EiTB.
EAJk eta PSEk izandako bilera baten irudia. Argazkia: EiTB.
EAJk eta PSEk izandako bilera baten irudia. Argazkia: EiTB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk eta PSE-EEk adostu dute jaistea, bi urteko epean, Sozietate Zergaren tasa, % 28tik 24ra; Estatuaren tasatik behera kokatuko da, ondorioz, hori % 25ekoa baita. Gainera, akordioa erdietsi dute kenketa batzuk murrizteko, xede izanik diru-bilketak behera ez egitea; hala eman diote jakitera Europa Pressi PSEko zenbait iturrik.

Iturri horiek zehaztu dutenez, astelehenean PSEk proposamena luzatu zien jeltzaleei, tasa orokorra % 28tik 24ra jaisteko (enpresa txiki eta ertainetan, % 24tik 20ra). Lehenengo urtean, bi puntu egingo lukete behera, eta hurrengoan beste bi.

Tasa nominalek behera egingo dutenez, eta diru-bilketan murrizketarik egon ez dadin, hiru mekanismo abiatuko dituzte: lehena da "zorroztea aukerak aurreko ekitaldi negatiboak deskontatzeko"; halaber, aurreikusi dute "mugatzea, lehen aldiz, ikerketa, garapena eta berrikuntzagatik jasotako kenkariak"; eta, azkenik, "gutxieneko tasak igotzea". Azken horiek, egun, % 11 eta 13koak dira, eta %17ra eta 15era igoko lirateke. Hori dena ere bi urteko epean egingo lukete.

PSE-EEk uste duenez, honela aurreikusita zegoen kopuru bera bilduko litzateke; "kalkulu batzuek diote balitekeela diru-sarrera handiagoak ere egotea", adierazi dute sozialistek.

Jeltzaleek eta sozialistek adostutako itunak aldatzen du urriaren 31n egindako erreforma fiskalaren proposamena. Bertan, sozietate-zerga % 28an utzi zuten, eta aldaketa txikiak zeuden PFEZan.

PPri emango diote dokumentua

Dokumentua PPri helaraziko diote, ostiral honetan segur aski; izan ere, PPk eskatu zuen sozietate-zergak behera egin zezala, EAEko 2018ko Aurrekontuak negoziatzeko prozesuari ekin ahal izateko.

Sozialistek onartu dute zuzenketa hau egitea, "egonkortasun politikoko giroari ekarpen ona egitea xede"; hain zuzen, eragin ona izango du ekonomian eta enpresetan, eta herritarrentzako ona izango da, "diru-bilketak gora egingo baitu".

Astelehenean, Idoia Mendia prest agertu zen EAJrekin adostutako akordioa hobetzeko, Euskadik Aurrekontuak izan ditzan. Esan zuenez, bere alderdiak, PSEk, ahalegin guztiak egingo zituen euskal erakundeek Aurrekontuak izateko.

Damborenea: "Bide onetik doa, eta aukera ematen du Aurrekontuak egoteko"

Euskadiko PPko legebiltzarkide Anton Damboreneak (bere alderdiko bozeramailea da, ekonomia-gaietan) uste du AEJk eta PSE-EEk adostutako erreforma fiskal berri hau "bide onetik doala", eta aukera ematen duela euskal Aurrekontuen gaineko akordioa lortzeko.

Europa Pressi egindako adierazpenetan, Damboreneak azaldu du PPk ez duela oraindik jaso proposamen berri hau; nolanahi ere, bere iritziz, EAJ eta PSE-EE "arrastoan sartu dira", eta zuzenketa "ondo bideratuta dago": "Ez du zerikusirik Batzar Nagusietan aurkeztutakoarekin; ematen du bide onetik doala".

Anton Damboreneak gogorarazi du PPk beti argudiatu duela Euskadi "ezin dela izan gune ez lehiakorra, eta are gutxiago zerga-sistemari dagokionez. Ikusten ari gara enpresek helbide fiskala aldatzen dutela, eta hori, guk, Kontzertuarekin, ezin dugu onartu. Katalanei gertatu zaiena gertatzen bazaigu, ezin izango genioke aurre egin", gehitu du.

Adierazi duenez, beharrezkoa zen enpresei zerga-testuinguru egokia eskaintzea, "eta lehenengo proposamena bestelako bidetik zihoan, hain zuzen".

Damboreneak nabarmendu duenez, zuzenketak, "noski", errazten du bidea euskal Aurrekontuei buruzko akordioa egoteko: "Esan genuen konpondu behar zela; bestela, ez zuen zentzurik Aurrekontuen gainean hitz egitea, aurreko erreformak lehiakortasuna kentzen baitzien enpresei eta diru-bilketan ere murrizketak ekarriko zituelako", azpimarratu du.

Esan du aldaketa honekin zerga-sistema erakargarriagoa dela enpresentzat; egun dauden enpresentzat ez ezik, balizko enpresa berriak erakartzeko ere. Hori dela eta, prest daude Aurrekontuei buruzko akordioa adosteko, "ez baikaude enpresak botatzeko moduan".

Sindikatuen kritikak

ELA sindikatuak, bere aldetik, adierazi du "erabateko eskandalua" dela EAJk eta PSE-EEk adostutako murrizketa, sozietate-zergan. Agiri batean esan dutenez, "EAJk eta PSEk hitzartutako akordioak dakar beste atzerakada bat gizarte-justizian".

"Gure agintariek patronalaren eta kapitalaren aldeko gizarte-eredua aplikatzen dute; gainera, ez dute onartzen horren gainean eztabaidatzea", dio sindikatuak.

"Iruzur fiskalaren aurka borrokatu beharrean, edo azken hamarkadetan onartutako murrizketak atzera bota beharrean, sozietate-zergaren beste jaitsiera bat proposatu dute", deitoratu du ELAk.

Bestalde, LABek uste du akordioak "egoera okertzen" duela eta patronalari soilik egiten diola mesede.

Sindikatu abertzaleak ohar batean azaldu duenez, "EAJk hasieratik bilatu du PPren eta PSE-EEren babesa aurrekontuak onartzeko, beste aukerak baztertuta".

"PPk jarri zuen baldintza gisa sozietateen gaineko zerga murriztea, eta gustu handiz bete dute eskaera, bi alderdiek bat egiten dutelako gizartearen aurkako proiektu eskuindar eta liberalean", gaineratu du.

Loli Garcia CCOO-Euskadiren idazkari nagusiak "kezkagarri" jo du akordioa, eta "zerga justuagoak eta parekideagoak lortzeko beste aukera bat" galdu dela kritikatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Alderdi politikoak Ekonomia 2024 Euskal sozialistak Eguneko albisteak Zergak gaur