Ekonomia -

1.100 kamioi egunean

Kontainerren terminalera sartzeko sistema berria du Bilboko Portuak

Noatum konpainiak sistema berria martxan jarri du. Kontainerren harrera eta entregaren kudeaketa hobetuko du; izan ere, kamioi bakoitzak % 45 gutxiago itxaron beharko du.

Bilboko Portuaren kontainer terminalera sartzeko sistema berria. Argazkia: Bilboko Portua
Bilboko Portuaren kontainer terminalera sartzeko sistema berria. Argazkia: Bilboko Portua
Bilboko Portuaren kontainer terminalera sartzeko sistema berria. Argazkia: Bilboko Portua

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Portuaren kontainer terminalera sartzeko sistema berria martxan jarri du gaur Noatum konpainiak. Egunero 1.100 kamioi igarotzen dira bertatik. Kontainerren harrera eta entregaren kudeaketa hobetuko du sistema berriak; izan ere, kamioi bakoitzak % 45 gutxiago itxaron beharko du.

Arantxa Tapia Ekonomi Garapenerako eta Azpiegituretarako sailburua, Asier Atutxa Bilboko Portuaren Agintaritzako presidentea, Sun Kai Noatum Portseko kontseilari delegatua eta Douglas Schultz Noatum Container Bilboko Terminalaren Administrazio-kontseiluko presidentea ekitaldian izan dira.

Azpiegitura berriak sartzeko zazpi ate eta irteteko beste hiru ditu. Gainera, sarbide-kodea duten kamioientzako beste sarrera bat du. Horrela, kontainerren harrera eta entrega kudeaketa eraginkorragoa izatea espero da. Kamioi bakoitzak minutu bat edo minutu bi gutxiago behar izatea aurreikusi dute.

Tren terminala handitzea

Ate zaharrek utzitako lekua tren terminala handitzeko erabiliko dituzte orain. Lau trenbideek 450 metroko luzera dute orain, baina beste 100 metro luzatuko dituzte, 550 metrora arteko trenak hartu ahal izateko.

Bilboko Portuan, 2015-2036 epean, 34 milioi euroko inbertsioa egiteko konpromisoa hartu zuen Noatumek. Horietatik ia hamar milioi 2016-2018 epean inbertituko ditu. Azken horietatik lau milioi sarrera berrietan eta tren terminala handitzeko lanetan gastatu dituzte. Beste sei milioi ekipoak berritzeko izango dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko azken albisteak Santurtzi bideoak Bilboko Portua albisteak Ekonomia berriak Gaurko azken orduko albistea Merkantzia-garraioari buruzko albisteak