Ekonomia -

Epaitegiak

CEL enpresa Lucart Italiako multinazionalari saltzeko baimena eman du Justiziak

Lucartek 8,3 milioi euro ordaindu beharko dituela ezarri du merkataritza-gaietarako epaitegiak auto batean.

CELeko langileen elkarretaratzea, azaroaren 9an. Artxiboko irudia: EiTB
CELeko langileen elkarretaratzea, azaroaren 9an. Artxiboko irudia: EiTB
CELeko langileen elkarretaratzea, azaroaren 9an. Artxiboko irudia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Merkataritza-gaietarako 1 Epaitegiak CEL paper ekoizlearen salmenta baimendu du. Horrela, Enkarterrin (Bizkaia) eta Artziniegan (Araba) lantegiak dituen enpresa Lucart Italiako multinazionalak bereganatuko du, hartzekodunen konkurtsoan eskaintza aurkeztu duen bakarrak, alegia.

Lucartek 8,3 milioi euro ordaindu beharko dituela ezarri du merkataritza-gaietarako epaitegiak gaur argitaratutako autoan; 6,3 milioi konkurtsoko administratzaileak finkatutako gutxieneko balioa da, eta 1,9 milioi kaleratuko dituzten 34 langileen kalte-ordaina ordaintzeko izango dira.

Autoari helegitea aurkezteko aukera dute aldeek, eta ebazpena lan-erregulazio espedienteko autoak sinatu arte ez da eraginkorra izango. Azaroaren 27an, Italiako multinazionalak eta langileen ordezkariek akordioa sinatu zuten, lanean geratuko diren 184 beharginen eta kaleratzeen baldintzak adostuz.

34 behargin, lanposturik gabe

Akordioarekin 34 langilek alde egin beharko dute; gehienak kaleratze adostuak izango dira, lau kenduta. Gainera, beharginen % 80ri soldata % 9 murriztuko diete.

Bestalde, epaitegiaren ebazpenak gogorarazi duenez, jarduera mantentzea eta datozen bost urteetan 20 milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusten du Italiako multinazionalak aurkeztutako egitasmoak.

Lucartek zazpi lantegi ditu (bost Italian, bat Frantzian eta beste bat Hungarian), 1.332 langile eta urtero 320.000 tona paper ekoizteko gaitasuna. 2016an multinazionalaren salmentek gora egin zuten, 361 milioi eurotan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaiko albisteak Araba Multinazionalak Lana berriak EEE Ekonomia berriak Gaurko azken orduko albistea Zalla albisteak Gueñes albisteak Enkarterri gaur