Ekonomia -

Foru Ogasuna

Diru-bilketak % 11,3 egin du gora Gipuzkoan 2017an, 4.670,2 milioi euroraino

Finantzen Euskal Kontseiluak urriaren 11n aurreikusitakoa baino 23,6 milioi gehiago bildu ditu.

Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako diru-bilketak % 11,3 egin du gora 2017an, 2016koarekin alderatuta, 4.670,2 milioi euroraino iritsi baita, aurreko ekitaldian baino 472,5 milioi gehiago. Finantzen Euskal Kontseiluak urriaren 11n egindako aurreikuspenetan iragarritakoa baino 23,6 milioi euro gehiago bildu ditu, bera, Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Imanol Lasa Gobernantza eta Komunikazio diputatu eta Aldundiaren bozeramaileak prentsaurrekoa eskaini du Donostian, Aldundiak egindako azken akordioen berri emateko. Bertan jakinarazi dituen datuen arabera, Gipuzkoako Foru Ogasunak 4.670 milioi euroko diru-bilketa eginda itxi du 2017. urtea, hau da, aurreko ekitaldian baino 473 milioi gehiago bilduta.

Lasak nabarmendu duenez, 2017an "aurrekontuetan jasotakoa baino 292 milioi euro gehiago eta Finantzen Euskal Kontseiluaren azken bileran aurreikusitakoa baino 23,6 milioi euro gehiago" bildu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Aldundiaren bozeramailearen esanetan, ekitaldiaren behin betiko likidazioa otsailaren 13an adostuko dute, eta bertan erabakiko dute superabita egonez gero zertara zuzenduko duten. Dena den, normalean Foru Aldundiaren zorra murriztera zuzendu ohi dira horrelakoak, horren arabera.

Lasak jakitera eman duenez, diru-bilketa horrekin "marka" ezarri da, "krisiaren aurretik izandakoak ere nabarmen gainditzen dituelako". Horren hitzetan, diru-bilketa, "batetik, ekonomia indartu delako igo da, eta, bestetik, euskal erakundeek eta Espainiako Gobernuak Kupoari buruz lortutako akordioari esker".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea