Ekonomia -

Espainiako Gobernuari eskaera

Azpiazuk Gizarte Segurantzaren eskuduntza transferitzeko eskatu du

Ogasun eta Ekonomia sailburuak gogorarazi duenez, EAEko langileek 'soberakin ugari' eman dituzte, 'une jakin honetan' defizita badago ere.

Azpiazu, gaurko agerraldian. Argazkia: EFE
Pedro Azpiazu. Argazkia: EFE
Azpiazu, gaurko agerraldian. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburuak Gizarte Segurantzaren eskuduntza transferitzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, eta gaur egun dagoen defizit arazoa konpontzeko "konpromisoa" agertu du.

Forum Europa gosari informatiboetan izan da gaur Azpiazu, eta beste gai ekonomikoren artean, pentsioen auzia eta Gizarte Segurantzaren defizitaren arazoa izan ditu hizpide. Gogorarazi duenez, EAEko langileek "soberakin ugari" eman dituzte hainbat urtetan, "une jakin honetan" defizita badago ere.

Sailburuak pentsioen sistema publikoa defendatu du, "pertsonek duten eskubide bat" den aldetik. Horren ustean, "une jakin batean finantza arazo bat badago, neurriak hartu beharko dira sistema jasangarria izan dadin".

"Hortxe dago transferentziaren gaia. Eskuduntza guri eman diezagutela eta eman beharreko irtenbidea emango diogu, egokia", adierazi du.

Ogasun eta Ekonomia sailburuak emandako datuen arabera, azken hamarkadan "nabarmen" egin dute gora pentsioek EAEn: 2007an, Barne Produktu Gordinaren (BPG) % 8,5 ziren, eta 2016an, berriz, % 11,8.  Azpiazuren hitzetan, "batezbesteko pentsioak egin du gora, ez hainbeste pentsiodunen kopuruak".

Defizitaren "arazo larria" hizpide hartuta, Azpiazuren aburuz, logikoena "kotizazio gabeko alderdia horretatik bereiztea" da, "aurrekontu bidez finantzatzeko".

Kontzertu Ekonomikoa

Kontzertu Ekonomikoaren defentsa sutsua ere egin du Pedro Azpiazuk, eta "errespetua" eskatu du kritiken aurrean. Hala, "alderdien arteko ika-mikarako" ez erabiltzeko deia egin du.

Sailburuak salatu duenez, "albiste faltsu etengabeak" botatzen dituzte batzuek, "gezurra direla jakin badakiten arren".

"Sistema hau pribilegioa dela esaten dute, eta ez da batere bidezkoa, kalkulu zorrotzak egiten dituzten teknikariak daude atzean. Beraz, erantzukizuna, zorroztasuna eta seriotasuna eskatu behar ditut", esan du.

Azpiazuren iritzian, "finantza sistema ezberdinduak ezin dira alderdien arteko ika-mikarako erabili".

Era berean, Kontzertua kritikatzen dutenei honakoa galdetu die: "Uste al duzue Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak Kupoaren eta Kontzertuaren inguruko erabaki ez bidezko, insolidario eta inkonstituzionalak hartuko dituztela eta, beraz, prebarikazioz jokatuko dutela?".

"Erregimen komuneko beste sistemek merezi duten errespetu bera nahi dut gure finantza sistemarentzat. Kontzertua errespetatzea Jaurlaritza eta Euskadi errespetatzea da", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kontzertu Ekonomikoa Eusko Jaurlaritza berriak EAE Ekonomia 2024 Albisteak