Ekonomia -

27. promozioa

Hautagaien % 31ak gainditu ditu Ertzaintzan sartzeko lehenengo probak

Gaur Barakaldoko BECen izandako lehenengo bi probak ganditu dituzte 800 hautagai baino gehiagok. Guztira, 300 lanpostu eskaintzen ditu Ertzaintzak.

2.600 hautagai, Ertzaintzaren 300 lanpostu betetzeko

1:51

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

834 hautagaik, aurkeztutako 2.636 lagunetik % 31ek, gainditu dute Ertzaintzaren 27. promozioaren parte izateko larunbat honetan Barakaldoko BECen egindako lehenengo bi hautaketa-probak.

3.486 lagunek eman zuten izena probetan parte hartzeko: horietatik 2.636 aurkeztu dira (688 emakumezko eta 1.948 gizonezko) larunbat igande honetan egin beharrekoak ziren lehenengo bi probetara: psikoteknikoa eta ezagutza.

Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 834 hautagaik gainditu egin dituzte lehenengo proba horiek, eta orain hurrengo fasera pasako dira: proba fisikoak eta elkarrizketa pertsonala. Proba guztiak gainditu eta Ertzaintzako 27. promozioaren 300 lanpostuetako bat lortuz gero, formakuntza-ikastaroa egin beharko dute Arkauten. Hori derrigorrezkoa eta kanporatzailea izango da.

Ertzaintzara sartzeko prozesu horrek bermatu nahi du 8.000 agentek osatutako lantaldea, Segurtasun Batzordeak adostu zuen bezala, datozen urteetan izango den belaunaldi-erreleboari aurre egin ahal izateko, hain zuzen ere.

Joan den ostegunean bihotzekoak jota Bilboko istiluetan hildako Inocencio Alonso ertzaina gogoan izan dute gaurko azterketetan. Izan ere, Barakaldoko BECen izan diren Arkauteko langileek lazo beltza eraman dute.

Malentxo Arruabarrena Arkauteko zuzendariak deia egin die "gazteei eta emakumezkoei bereziki", ertzaina izatea "etorkizuneko ogibide moduan" ikus dezaten. Arruabarrenak argitu duenez, oraingo deialdian aurkeztu direnen % 26,1 emakumezkoak ziren, eta Ertzaintza barruan % 12 dira.

Gainerako probak, fisikoa eta elkarrizketa pertsonala, martxo bukaeran eta apirila eta maiatza bitartean, hurrenez hurren, egingo dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Barakaldo Bilbao Exhibition Centre Gizartea bideoak Ekonomia 2024 Gaurko azken ordukoa