Ekonomia -

Protesta

Ertzainek oihu eta kexu artean hartu dute lehendakaria Legebiltzarrean

ErNe, ELA eta Sipe sindikatuek negoziatzeko deia egin diote Jaurlaritzari, eta martxoaren 12aren eta 19aren artean osasun-bajak hartzeko kanpaina bat bultzatzeko mehatxua egin dute.

Gaurko protestaren une bat. Argazkia: EFE
Ertzainak Eusko Legebiltzarraren aurrean, protestan. EFE
Beltran de Herediaren dimisioa eskatu dute ertzainek

1:29

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehunka ertzainek protesta egin dute gaur Eusko Legebiltzarraren aurrean, eta oihu eta kexu artean hartu dituzte Iñigo Urkullu lehendakaria eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua, eta azken horren dimisioa eskatu dute. Ertzainek lan baldintzak hobetzeko eskatu diote Jaurlaritzari, eta, presio neurri gisa, martxoaren 12tik 19ra osasun-bajak hartzeko kanpaina bat bultzatzeko mehatxua egin dute. Aste horretan medikuarenera joateko eta baja hartzeko eskatuko diete agenteei. Neurriak Athletic eta Olympique Marseilla futbol taldeen arteko partidaren segurtasun neurriei eragingo lioke, martxoaren 15ean jokatuko baita, San Mamesen.

ErNe, ELA eta Sipe sindikatuek deitu dute protesta. Kontrolerako saioa dago gaur Eusko Legebiltzarrean, eta, mobilizazio horren eraginez, trafikoa eten behar izan dute une batez.

Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua Ganberara sartzera zihoanean, txistu eta oihu artean hartu dute agenteek, eta dimititzeko eskatu diote. Iñigo Urkullu lehendakaria eta Eusko Jaurlaritzako gainerako sailburuak ere, horrela hartu dituzte.

Andon Ortuzar EAJren EBBko presidenteak bere Twitter kontuan adierazi duenez, gaur lotsa handia sentitu du "euskal herritarrak babesteko eginkizuna dutenek beraien legezko ordezkariak inguratzen dituztela ikusita".

 

 

Goirizelaiaren kontrako oihuak ere bai

Eusko Jaurlaritzako kideak ez ezik, Jone Goirizelaia EH Bilduko legebiltzarkidea ere izan dute jomuga ertzain batzuek. Goirizelaia Iñigo Cabacas familiaren abokatua da. Athleticeko jarraitzailea Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz hil zen 2012ko apirilaren 5ean.

Roberto Seijo ErNe sindikatuko idazkari nagusiak elkarretaratzean salatu duenez, Segurtasun Sailak duen polizia-eredua "jendea hiltzen ari da". Seijok Inocencio Alonso Garciaren kasua aipatu du. Ertzaina bihotzekoak jota hil zen otsailaren 22an, Athleticen eta Spartaken arteko partidaren harian prestatutako dispositibo berezian parte hartzen ari zenean. ErNeren arabera, "indarkeriazko heriotza" izan zen. "Zauritzen eta hiltzen garen bakarrak gu gara", salatu du Seijok.

Baja medikoen kanpaina

Egoera hori salatzeko eta presioa egiteko, sindikatuok 'osasunaren astea' antolatu dute martxoaren 12tik 19ra bitartean. Horren arabera, "lanera joateko moduan ez dauden agenteei" medikuarenera joateko eta baja hartzeko eskatuko diete. Kanpaina horrek Athletic eta Olympique Marseilla futbol taldeek Bilbon jokatuko duten partidaren inguruan antolatuko den segurtasun dispositiboari eragingo dio zuzenean, martxoaren 15ean jokatuko baita.

Hori horrela, Ertzaintzaren sindikatuek euren aldarrikapenak kontuan hartzeko eta negoziatzen hasteko eskatu diote Jaurlaritzari, eta martxoaren 9a jarri dute epe muga gisa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Iñigo Urkullu biografia Eusko Jaurlaritza albisteak Gaurko azken orduko albistea