Ekonomia -

ERTZAINTZAREN KONTSEILUA

Sindikatuen eta Ertzaintzako zuzendaritzaren arteko bilera, tentsioa baretzeko asmoz

Bi izango dira bilerako gaiak: batetik, Inocencio Alonso ertzainari Babes Zibileko Merezimenduaren domina gorria ematea eta, bestetik, Ertzaintzaren modernizazioaren inguruko hausnarketa egitea.

Ertzainen protesta Eusko Legebiltzarraren atarian. Artxiboko argazkia: EFE
Ertzainen protesta Eusko Legebiltzarraren atarian. Artxiboko argazkia: EFE
Ertzainen protesta Eusko Legebiltzarraren atarian. Artxiboko argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua Ertzaintzako sindikatuekin elkartuko da gaur, azken asteotako tentsioa baretzeko asmoz. Ertzaintzaren Kontseiluaren bilera 15:30ean hasiko da Erandion.

Azken asteetan nabarmen gaiztotu da bi aldeen arteko giroa, bereziki, Athleticek eta Moskuko Spartak taldeek otsailaren 22an jokatutako partidaren atariko istiluetan Inocencio Alonso ertzaina bihotzekoak jota hil ondoren, eta pasa den astean Ertzaintzaren sindikatuek Eusko Legebiltzarraren atarian egin zuten protestaren ondorioz.

Ertzaintzako hainbat sindikatuk "osasunaren astea" antolatu dute martxoaren 12tik 19ra bitartean eta, horren arabera, "lanera joateko moduan ez dauden agenteei" medikuarenera joateko eta baja hartzeko eskatu diete ertzainei. Kanpaina horrek Athletic eta Marseillako Olympique futbol taldeek Bilbon jokatuko duten Europa Ligako final zortzirenetako itzulerako partidaren inguruan antolatuko den segurtasun dispositiboari eragingo dio zuzenean, martxoaren 15ean jokatuko baita. Hala ere, azken orduetan sindikatuek giroa baretzeko saiakera egin eta lasaitasuna eskatu dute. ErNE sindikatua, esaterako, Segurtasun Sailarekin negoziazio prozesu bat abiatzeko prest agertu da.

Ertzaintzaren Kontseiluaren gaurko bileran, Beltran de Heredia Segurtasun sailburua eta ErNE, Esan, ELA eta EUPEL sindikatuetako ordezkariak elkartuko dira. Segurtasun Saileko iturriek diotenez, bi izango dira Ertzaintzaren sindikatuekin eztabaidatuko dituzten gaiak: batetik, Inocencio Alonso hildako ertzainari Babes Zibileko Merezimenduaren domina gorria ematea eta, bestetik, Ertzaintzaren modernizazioaren inguruko hausnarketa egitea.

Ildo horretan, Beltran de Herediak plan bat jarri nahi du martxan Ertzaintzako elite-taldea modernizatzeko helburuz. ErNE sindikatuak, ostera, ertzainen aldarrikapenei erantzungo dien negoziazio prozesu bat abiatzeko proposamena espero du Segurtasun Sailaren aldetik.

Gaurko bileran gertatuko denaren zain, Jorge Aldekoa Ertzaintzako buruak penagarritzat jo zuen ertzainek Legebiltzarraren atarian egindako protesta. Ez hori bakarrik, haren esanetan, hainbat lege-hauste egin ziren eta prozedura administratiboa bere bidea egiten ari da. Bestalde, Estefania Beltran de Heredia sailburuak aurreko astean iragarri zuenez, Eusko Jaurlaritzak "Mozal Legea" legea aplikatuko die ertzainen Legebiltzarreko protesta deitu zutenei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Eusko Jaurlaritza Lana Ekonomia Eguneko albisteak Eguneko albisteak Sindikatuen albistea