Ekonomia -

GIPUZKOA

Zumarragako adin txikikoen zentroko zaindariek lan baldintza hobeak eskatu dituzte

Halaber, Eusko Jaurlaritza egin dute eguneroko 'gehiegizko lan karga arriskutsuaren' ondorioz pairatzen duten prekarietatearen erantzule.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zumarragako Ibaiondo adin txikikoen zentroko zaindariek Eusko Jaurlaritzako Justizia Saila egin dute egunero jasaten duten "gehiegizko lan karga arriskutsuaren" ondorioz pairatzen duten prekarietatearen erantzule. Kolektiboak oharra kaleratu du, eta lan baldintzak "berehala" hobetzea eskatu die Eusko Jaurlaritzari nahiz Delta segurtasun enpresari. Aipaturiko zaindariak Delta enpresako langileak dira.

Horien esanetan, beraiei ez dagozkien "hainbat lan" egiten dituzte, esleipena arautzen duen legetik kanpo. Gaineratu dutenez, 2017ko abenduaren 1ean zerbitzuaren kargu egin zen konpainiak hainbat soldata zor dizkie eta beste hainbat arau-urratze ere egin ei ditu.

Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailari eta Delta enpresari eskatuko diote soldata diferentzia hori ordaintzea: Jaurlaritzari, erantzule zibil subsidiario gisa eta Delta enpresari, ostera, esleipenaren plikan izandako irregulartasunengatik. Langileen esanetan, enpresak ez zituen soldaten, seguruen eta zergen ordainketa bermatzeko baldintzak bete.

Halaber, Ibaiondoko hezkuntza arduradunaren jarrera kritikatu dute adin txikikoen zentroan egiten diren "irregulartasunengatik". Ez hori bakarrik, egungo araudia "sistematikoki" urratzen dela salatu dute, "segurtasun eza eta lesioak jasateko arriskua areagotuz".

Bestalde, beraien lan egoera "eutsiezinari" irtenbidea aurkitzeko neurriak eskatu dituzte, hala nola, beraien ez dagozkien eginbeharrak kentzea, arrisku plusa aitortzea, formazio gehiago izatea, kontrol postuan hobekuntza teknikoak egitea eta justiziako araudia zein Ibaiondoko segurtasun protokoloa betetzea.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoako albisteak Lana berriak Ekonomia albisteak Albisteak Gaur Zumarraga bideoak Albisteak