Ekonomia -

GREBA HEZKUNTZAN

Irakasleen % 75ek egin dute greba sindikatuen arabera; % 42,9k Jaurlaritzaren ustez

Sindikatuen esanetan, lanuzteak jarraipen zabala izan du eta Eusko Jaurlaritzari "edukiz betetako proposamenak" egin ditzala exijitu diote.

Hezkuntza Publikoko langileen manifestazioa Gasteizen. Argazkia: EFE
Hezkuntza Publikoko langileen manifestazioa Gasteizen. Argazkia: EFE
Greba egunaren ekitaldi nagusia Gasteizen izan da

1:27

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gehiengo sindikalak (ELA, LAB eta Steilas) deituta, lehendabiziko greba eguna egin dute gaur Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hezkuntza publiko ez unibertsitarioan. Bigarren lanuztea bihar izango da. CCOO eta UGT sindikatuek, ostera, ez dute bat egin deialdiarekin.

Aurreko deialdietan ez bezala, oraingoan ez dago batasunik hiru sindikatuon artean, LABek Heziketa Berezian, Sukalde eta Garbiketa eta Haurreskolen Partzuergoan deitutako grebak bertan behera utzi baitzituen martxoaren 2an.

Hiru sindikatuek grebara deitu dituzte EAEko hezkuntza publikoko 26.000 irakasleak, baina ELAk eta Steilasek deituta egingo dute greba Heziketa Berezian, Sukalde eta Garbiketan eta Haurreskolen Partzuergoan.

Ikastetxeen % 94 zenbatuta, Eusko Jaurlaritzak esan du grebaren jarraipena % 42,9koa izan dela irakasleen artean, % 24,5ekoa Hezkuntza Berezian, % 17,1ekoa sukalde eta garbiketa sektorean eta % 15,6koa Haurreskoletan (kasu honetan haurreskola guztietako datuak bildu dituzte).

Sindikatuek, berriz, zifra handiagoak eman dituzte, sektorearen arabera deialdiak jarraipen ezberdina izan duela aitortu badute ere.

Sindikatuen esanetan, irakasleen % 75ek egin dute lanuztea, eta grebaren jarraipena % 60koa izan Hezkuntza Berezian, % 65ekoa sukalde eta garbiketan eta % 30ekoa Haurreskolan.

LAB sindikatuak Sukalde eta Garbiketako eta Haurreskoletako Mahaian akordioa ahalbidetu duen "borrokaren balioa" nabarmendu du. Hori dela eta, irakasleen gatazkan ere "erantzukizun" berarekin jardungo duela iragarri du. "Hezkuntza Sailari dei egiten diogu Irakasleen Mahaira eduki berriak aurkeztu ditzan", gaineratu du.

ELA sindikatuak esan du, langileen jarraipena ikusita, greba eta mobilizazioaren bideari eutsiko diola, baldin eta Eusko Jaurlaritzak "sektorearen aldarrikapenei erantzuten ez badie".

Greba Hezkuntzan manifestazioa Gasteiz EFE

(Hezkuntza Publikoko langileek Gasteizen egindako manifestazioa. Argazkia: EFE)

Bi greba egunei begira, manifestazio bakarra deitu dute ELAk, LABek eta Steilasek. Eusko Legebiltzarretik Eusko Jaurlaritzaren egoitzara arteko bidea egin dute eguerdian. Milaka langile batu dira mobilizazioan.

Manifestazioa hasi aurretik, Ana Peraz Steilas sindikatuko ordezkaria pozik agertu da beharginek emandako erantzunarekin, baina aitortu du LABek sektore batzuetan greba egiteari uko egin izanak eragina izan duela, hala nola, haurreskoletan, gehiengoa baitu han.

Nolanahi ere, sindikatuek uste dute lanuzteak jarraipen zabala izan duela eta Eusko Jaurlaritzari "mezu zuzena" igorri diotela, "edukiz betetako proposamenak egin ditzala" exijituz.

Greba Hezkuntza manifestazioa Gasteiz EFE

(Jendetza bildu da Gasteizen egindako mobilizazioan. Argazkia: EFE)

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak Eusko Langileen Alkartasuna albisteak LAB albisteak Grebak albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia albisteak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Hezkuntzako albisteak 2024 Sindikatuak Irakasleak