Ekonomia -

Lan-gatazka Ertzaintzan

Ertzaintzari buruzko negoziazioan urratsak antzeman dituzte bi aldeek

Segurtasun Saila negoziazio kolektiboari ekiteko prest agertu da eta horrek Brigada Mugikorra modernizatzea eta ertzainen lan-baldintzak hobetzea ahalbidetuko luke.

ERNEk dio Segurtasun Sailak aurrerapausoa eman bai, baina ez dela nahikoa

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak eta sindikatuek aurrerapenak antzeman dituzte Ertzaintzako lan-gatazkari buruzko negoziazioan, eta datorren astean berriro biltzeko geratu dira.

Segurtasun Sailak aldebiko bilerak egin ditu gaur Erandioko polizia-etxean Ertzaintzako lau sindikatuekin (ErNE, Esan, ELA eta Euspel).

Segurtasun Sailak esan du negoziazio kolektiboa hasteko aukera zabaldu dela, Brigada Mugikorraren modernizazioaz gain, Ertzaintzako lan-baldintzak ere eztabaidatzeko eta akordio bat bilatzeko.

Segurtasun Sailak ordutegiak eta entrenamenduak bateratzea eta espezializazio kurtsoa egitea proposatu du; sindikatuek, berriz, konpentsazio ekonomikoak, bigarren jarduera berrikustea eta mugikortasun geografikoari aukerak bilatzea eskatzen dute.

Sindikatuak Brigada Mugikorra modernizatzeko eta ordutegiak eta entrenamenduak bateratzeko konpromisoa agertu gero, Segurtasun Sailak esan du negoziazio kolektiboari helduko liokeela.

Brigada Mugikorreko bi unitateak bakarrean bildu eta astebeteko lanaldiak ezarri nahi ditu Segurtasun Sailak, egunero 9 ordu eta erdi sartuta eta hurrengo aste osoa atsedenerako emanda. Horrela, talde horretan dauden 24 orduko lanaldiak kenduko lituzkete.

Bileratik atera ostean, ErNE sindikatuak esan du aurrerapenak izan direla, bereziki bigarren jarduerari eta mugikortasunari lotuta, baina urrats horiek urriak direla.

Roberto Seijo ErNE sindikatuko idazkari nagusiak adierazi du bigarren jardueraren harira aurreakordioa lortu zutela iaz, baina Segurtasun Sailak uko egin diola betetzeari.

Gaurko batzarrean, baina, Segurtasun Saileko ordezkariek esan diete aurreakordio hura indarrean jartzeko eta mugikortasun geografikoa berriro aztertzeko prest daudela, eta hori begi onez hartu du ErNEk.

Brigada Mugikorraren modernizazioari buruz, ostera, inolako aurrerapenik ez dela izan ohartarazi du Seijok.

Esan sindikatuak ere antzeko adierazpenak egin ditu. Gaurko negoziazioan aurrerapenak izan direla onartu dute, baina urriak izan direla erantsi dute. Gainera, batzarra tentsio handikoa izan dela azaldu dute.

Segurtasun Sailak proposamen berria helarazi diela eta hasiera batean planteatutakoa baino hobea dela nabarmendu dute, baina akordio bat lortzeko ez dela nahikoa gaineratu dute. Lanaldiarekin lotutako gaietan dituzte ezberdintasun handienak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Sindikatuen albistea