Ekonomia -

Turismoa

Gaztelugatxen sarrera kobratzea planteatu du Bizkaiko Foru Aldundiak

Epe laburreko, ertaineko eta luzeko 85 neurri planteatu ditu Aldundiak, Gaztelugatxeren “fama” aprobetxatu eta turismoa erakartzeko orduan Bizkaiko kostaldearen “epizentroa” bilakatzeko.

Gaztelugatx. Argazia: Alberto Zorrilla
Gaztelugatx. Argazia: Alberto Zorrilla
Gaztelugatxen sarrera kobratzea planteatu du Bizkaiko Foru Aldundiak

1:18

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaztelugatx kudeatzeko proposamen bat egin du Bizkaiko Foru Aldundiak. Etorkizunean biotopora sartzeko bisitariek ordaindu behar izatea planteatu erakundeak. Orain sarrera doakoa da.

Epe laburreko, ertaineko eta luzeko 85 neurri planteatu ditu Aldundiak, Gaztelugatxeren “fama” aprobetxatu eta turismoa erakartzeko orduan Bizkaiko kostaldearen “epizentroa” bilakatzeko.

Gaztelugatxek bisitari-oldea hartu zuen iaz, batez ere haitza 'Game of Thrones' telesail ezagunean agertu ondoren.

Ekainetik urrira bitartean, bost hilabete horietan 395.000 pertsona baino gehiagok bisitatu zuten. Abuztuan bisitari kopururik handiena jaso zuen: 143.219. Honenbestez, aurreko urteetan hurbildu ziren bisitariak biderkatu dira.

Proposamena egiteko garaian, Gaztelugatxek turismoaren garapena eta babestutako biotopoaren kontserbazioa uztartu behar dituela kontuan izan du Aldundiak.

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Elena Unzueta Jasangarritasun eta Ingurumen foru diputatuak proposamena aurkeztu dute gaur. Gaztelugatxeren garapenean “bi gai lagaezin” daudela goraipatu dute bi agintariek: biotopoaren babesa eta ekimenek jarduera ekonomikoa eta lanpostuak sortzen laguntzea.

Hala ere, Aldundiaren proposamena “abiapuntu” bat baino ez dela azpimarratu nahi izan du ahaldun nagusiak. Orain beste erakunde eta entitate batzuekin adosteko asmoa agertu du, ondoren behin betiko egitasmo bat martxan jartzeko.

Ticketing

Esan bezala, erakundearen proposamenak 85 neurri bildu ditu, besteak beste, “ticketingean oinarritutako sarbide kontrol sistema bat” ezartzea.

Datorren Aste Santuan sarrerak “doakoa izaten jarraituko” duela esan du Elena Unzuetak, orain arte bezala, baina kontrol puntu bat jarriko dute, bisitariekin harremana izateko eta hurbiltzen diren pertsonen kopuru eta jatorriaren inguruko datuak biltzeko.

Gaztelugatxeren kudeaketarako gobernu organo bat sortzeko beharra azaldu du proposamenak. Sarrera “kobratu ala ez” organo horrek erabaki beharko luke etorkizunean.

Testualki, “Gaztelugatxeren bisitari eta zerbitzuei lotuta pricing (prezio) estrategia bat” zehaztu beharko lukeela azaltzen du Aldundiaren proposamenak.

Aldundiak planteatutako 85 neurriak aurrera eramango balituzte, datozen urteetan 27 eta 33 milioi euro arteko eragin ekonomikoa izango luketela aurreikusi du Foru Gobernuak. Gainera, 560 eta 625 lanpostu mantentzen lagunduko lukete.

Epe laburrean

Aldundiak zenbait neurri hartuko ditu epe laburrean, Aste Santuko jaiegunetarako pentsatuta: Bizkaibusen frekuentzia areagotzea, publikoa artatzeko hiru toki ezartzea, seinale berriak jartzea eta zirkulazioa zein segurtasuna koordinatzea; Ertzaintza, Bermeoko eta Bakioko udaltzaingo eta basozainen artean.

Epe ertainera eta luzera, biribilgune bat eraikitzea proposatu du Aldundiak, zirkulazioa antolatzeko eta errazteko, baita aparkalekuak hobetzea ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bakio Bermeo Bizkaiko albisteak Turismoa Euskadi albisteak Gizartea albisteak Ekonomia 2024 Gaurko azken orduko albistea Gaztelugatxe