Ekonomia -

Lan Ministerioa

249 langabe gutxiago zenbatu dituzte martxoan Hego Euskal Herrian

EAEn 71 pertsona gutxiago daude lan bila, otsailarekin alderatuta, eta 178 gutxiago Nafarroan. Urte osoa kontuan hartuta, jaitsiera handiagoa da, Nafarroan % 11ra iritsita.

EiTBren bideo batetik hartutako argazkia
Euskadin 71 langabe gutxiago izan dira martxoan

1:24

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hego Euskal Herriko enplegu zerbitzu publikoek 249 langabe gutxiago zenbatu dituzte martxoan, Gobernu espainiarrak jakinarazi dituen azken datuen arabera.

Zehatz-mehatz, 71 pertsona gutxiago (-% 0,06) daude lan bila EAEn, otsailarekin alderatuta, eta 127.164 langabe daude guztira. Nafarroan, aldiz, 178 gutxiago (-% 0,49) daude, eta 35.910 dira langabeak.

Urte oso batean, hau da, 2017ko martxotik, 10.339 langabe gutxiago daude EAEn, hau da % 7,96 gutxiago, Espainiako batez bestetik (% 7,56) gora geratuta, Enplegu eta Gizarte Segurantzaz Ministerioaren esanetan.

Lurraldeka, Bizkaian 274 langabe gehiago izan dira martxoan, aurreko hilabetearekin alderatuta (% 0,37), baina 4.872 gutxiago 2017ko martxoarekin erkatuta (-% 6,22).

Gipuzkoan, 271 pertsona gutxiago (-% 0,81) hilabetean, eta 4.140 gutxiago urtebetean, hau da, % 11,05 gutxiago.

Araban, 74 lagun gutxiago (-% 0.36) zenbatu dituzte enplegu zerbitzu publikoek, aurreko hilabetearekin alderatuta, eta 1.981 gutxiago iazko epe berarekin alderatuta, % 8,84 gutxiago.

Langabe kopurua bere osotasunean hartuta, urteko hirugarren hilabetea igaro eta gero, 73.402 langabe zenbatu dituzte Bizkaian, 33.331 Gipuzkoan eta 20.431 Araban. Bestalde, 127.164 langabeetatik, 55.090 gizonezkoak dira eta 72.074 emakumezkoak. Halaber, 119.675 25 urtetik gorakoak dira eta, 7.489, beherakoak.

Foru Erkidegoari dagokionean, urtebetean 4.443 pertsona gutxiago daude langabezian, hots, -% 11,01.

Nafarroako 35.910 langabeetatik, 15.091 gizonezkoak dira eta 20.819 emakumezkoak. Bestalde, 3.295ek 25 urte baino gutxiago dute, multzo horretan oso parekatuta daude gizonezko eta emakumezkoak, eta 32.615 25 urtetik gorakoak dira, horietatik 19.186, emakumezkoak.

Estatua bere osotasunean kontuan hartuta, 47.697 langabe gutxiago izan dira martxoan, aurreko hilabetearekin alderatuta, langabe kopurua 3.422.551ean geratuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia Espainian 2024 Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa azken ordukoa Lana azken orduko albisteak