Ekonomia -

NBEko aitorpenak

Añanako gatzaga NBEko Munduko Nekazaritza Ondare bihurtu da

Gesaltza Añana udalerrian gatza ateratzeko duten era “garbia” nabarmendu nahi izan dute horrela.

Nazioarteko Nekazaritza Ondare saria lortu duen Gesaltza Añanako paisaia. Argazkia: Julia Llamas.
Nazioarteko Nekazaritza Ondare saria lortu duen Gesaltza Añanako paisaia. Argazkia: Julia Llamas.
Gesaltza Añana NBEko Nazioarteko Nekazaritza Ondare bihurtu da

1:23

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Munduko Nekazaritza Ondarearen saria eskuratu dute Gesaltza Añanako ordezkariek, Nazio Batuen Erakundeko Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak (FAO) Erroman duen egoitzan. Horrela, ondare diren 50 lekuen zerrendara batu da.

FAOk Erroman duen egoitzan banatu dituzte sariak, eta, orotara, 14 hautagairi eman diete; besteak beste, Andaluziako Axarkia eskualdeko mahaspasei, Portugalgo Barroso aldean erabiltzen duten nekazaritza, basosaintza eta abeltzaintza sistema bereziari eta Mexiko Hiriko uharte artifizialen “chinampas” sistemari.

Jaime Haddad Estatu Espainiarreko Nekazaritza idazkariordearen arabera, Gesaltza Añana udalerrian gatza ateratzeko duten era “garbia” nabarmendu nahi izan dute horrela.

Maria Helena Semedo FAOko zuzendari laguntzaileak azpimarratu du Añanako Gatz Haranean erabiltzen duten nekazaritza sistemaren bitartez, “gizadiaren eta naturaren arteko harmonia sakona” erakusten dela. Gainera, horrelakoek elikagai bermea, jakinduria eta ekoizle txikiei bizirauteko baliabideak ematen dizkietela adierazi du Semedok.

Harkaitz Millan Basquetour euskal turismoaren agentziako zuzendariak esan duenez, Munduko Nekazaritza Ondarearen aitorpena “berri bikaina da hain berezia den leku batentzat”. Halaber, horren iritzian, Gesaltza Añana eta Bizkaiko Zubi Esekiak “primerako ondasunak” direla Euskadiko turismo industriala sustatzeko, sariak Arabako ondareari bultzada ematea espero duela erantsi du.

Javier de Andres Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariaren arabera, saria “onuragarria eta harro egoteko arrazoia” da, eta lekuak aitorpena merezi du “bere historia, paisaia, arkitektura eta gatza lortzeko erabili dituzten sistema naturalak eta tradizionalak bizirik mantentzeagatik”.

Bestelako sariak

NBEko sari horrez gain, beste hiru aitorpen ere baditu Añanako Gatz Haranak, hirurak 2015ean Europar Batasunak emandakoak: Kultura Ondarearen Saria, Europa Nostra Saria eta Epaileen Saria.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba NBE albisteak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Gaubea gaur Nekazaritza