Ekonomia -

H&M dendaren itxiera

Greba deitu dute Bizkaiko H&M dendetan, Moyuako saltokikaren itxieragatik

Greba apirilaren 20an hasiko da, eta ostiraletan eta larunbatetan egingo dute.

Bilboko Moyua Plaza. Argazkia: EiTB
Bilboko Moyua Plaza. Argazkia: EiTB
Bilboko Moyua Plaza. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

H&Mren Bizkaiko enpresa-batzordeak greba deitu du ostiral eta larunbat guztietarako, apirilaren 20tik aurrera. Bilboko Moyua plazako denda itxi eta bertako langile gehienak (56) lurraldetik kanpo kokatzearen aurkako protesta gisa egingo dute.

Saltokiaren alokairu altua da itxieraren arrazoi nagusietako bat, eta langile ugari Bizkaitik kanpo dituzten dendetan kokatuko dituzte.

Batzordearen arabera, apirilaren 18an bilera izan zuten enpresa suediarreko zuzendaritzarekin, eta baldintza batzuk hobetu zituen. Bizkaian kokatu nahi dituzten langileen kopurua 21era igo zuen, beste batera eraman nahi dituztenei “laguntza txiki bat” ematea proposatu zuen eta kontratua bere borondatez desegiten dutenei enpresan lan egindako urte bakoitzeko 25 eguneko kalte-ordaina ematea onartu zuen.

“Ezkutuko kaleratze” bezala definitu du enpresa-batzordeak. Izan ere, langile kaltetu gehienek lanaldi partzialeko kontratua edo lanaldi laburtua dute eta ezin dira lekuz aldatu, horren arabera. Saltokia itxi eta langile guztiak Bilbon mantentzeko, hirian beste denda bat bilatzeko proposatu zioten langileek enpresari, baina enpresak ez zuen onartu.

Langileen ordezkariak hilaren 24an bilduko dira berriro enpresaren ordezkariekin. Negoziazioetan aurrera egin ezean, H&M enpresak Bizkaian dituen bost saltokietan, Moyuakoan eta lurralde honetako merkataritza zentro handienetan dituenetan, greba mugagabea abiatuko dutela esan dute langileek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Bilboko albisteak Gaurko albisteak Bizkaia Grebak Lana albisteak Ekonomia Albisteak Merkataritza