Ekonomia -

Aurrerapenak negoziazioetan

Hezkuntzako sindikatuek ez dute baztertzen hurrengo bileran akordioren bat adostea

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuaren esanetan, "jarrerak hurbiltzeko lanean" ari da Jaurlaritza; ELA sindikatua, berriz, "aldarrikapenei erantzun ezean, mobilizazioei berrekitearen alde" agertu da.

Hezkuntza arloko mobilizazioak. Artxiboko argazkia: EFE
Hezkuntza arloko mobilizazioak. Artxiboko argazkia: EFE
Hezkuntza arloko mobilizazioak. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hezkuntza arloko sindikatu gehienek negoziazioetan aurrerapenak eta proposamen berriak atera direla esan dute, ostiral honetan Hezkuntza Sailarekin bildu ostean. Esaterako, ikasturte guztietako irakasleen gaixotasunak lehen egunetik ordezkatzea onartu dute.

Hori dela eta, ez dute baztertzen hurrengo bileran akordioren bat adostea, Steilas, LAB, UGT eta CCOO sindikatuetako bozeramaileek jakinarazi dutenez. ELAk, berriz, mobilizazioekin jarraitzea babestu du.

Okatz Garamendi Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen hitzetan, datorren maiatzaren 10eko bilera "oso garrantzitsua" izan daiteke.

Gaurkoa, Steilas, ELA eta LAB sindikatuek apirileko grebak alde batera uztea erabaki zutenetik egiten duten bigarren bilera izan da.

Atzo Bilboko ekitaldi batean Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak adierazitakoaren arabera, "lan harremanei buruzko eztabaidak negoziazio-mahaian konpondu behar dira, ikastetxeak alde batera utzita". Hala, irakasle-funtzionarioen mahaian sindikatuekin "jarrerak hurbiltzeko lanean" ari direla azaldu zuen. Gaur bilduko dira berriz, eta "elkar ulertzea" posible dela adierazi zuen.

Irakasleen garrantzia azpimarratu eta haien lana gizartean ez dagoela "behar bezala" onartuta azpimarratzeaz gain, "irakasleen zein zuzendaritza-taldeen lanari balioa ematea" guztioi dagokigula berretsi zuen.

Hasierako prestakuntza zein hautaketa-prozesuak eta heziketaren, ebaluazio-prozesuen eta lan-baldintzen eguneratzea hobetze aldera "urratsak" emateko Hezkuntza Sailak duen konpromisoa nabarmendu zuen. Zentroetako lantaldeak osatzen dituzten kolektiboen lan-harremanen eztabaidaren arloan azken hilabeteok gatazkatsuak izan direla onartu zuen.

Lan eskaintza publikoen bidez irakasleren egonkortasunaren aldeko apustua azpimarratu zuen Uriartek. Legegintzaldi honetan gutxienez 5.000 lanpostu eskaintzeko asmoa azaldu zuen.

Bestalde, itunpeko ikastetxeetan maiatzaren 15ean eta 16an deitutako grebari buruz hitz egin zuen. Kasu horretan ere, akordioak lortzeko "elkarrizketa eta eztabaida" ezinbestekoak direla esan zuen.

ELAk mobilizazioei berrekiteko apustua egin du, Hezkuntza Sailak Irakasleen Mahaiaren aldarrikapenei "erantzun ezean"

ELA sindikatuak berriz mobilizatzen hastearen aldeko apustua egin du, Eusko Jaurlaritzak irakasle-funtzionarioen mahaiko aldarrikapen sindikalei "ez badie erantzuten". Zentzu horretan, ELAren iritziz, Hezkuntza Sailaren azken proposamenek "ez diete ez sektorearen ez gure eskaerei erantzuten".

Hezkuntza Saileko eta sektorean ordezkaritza duten sindikatuek apirilaren 18an egin zuten irakasleen mahaiaren azken bilera, eta gaur bilduko dira berriz.

"Ikasturtea mobilizaziorik gabe amaitu nahi du Jaurlaritzak", dio ELAk, eta "gure aldarrikapenei erantzun gabe edo oso modu partzialean eginda". Horrenbestez, "negoziatzeko borondate falta garbia" agerian utzi duela aipatu du sindikatuak.

Hori dela eta, gaurko bileran aldarrikapen sindikalek erantzunik gabe jarraitzen badute, ELAk mobilizazioei berrekitea proposatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAE albisteak Ekonomia Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Hezkuntza Irakasleen albisteak gaur