Publizitatea
X

Irratia zuzenean

Hezkuntza: Irakasleen lan baldintzen inguruko aurreakordioa; 2018ko maiatzak 14

Ekonomia

Negoziazioa

Lan baldintzen inguruko aurreakordio bat sinatu dute sindikatuek eta Hezkuntza Sailak

Agentziak | Erredakzioa

2018/05/14

Eusko Jaurlaritzak eta Steilas, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek adostu dute. ELAk, ostera, ez du akordioa sinatu, “gabezia garrantzitsuak” dituela iritzita.

1:34
  • Whatsapp
  • Bidali

Irakasleen lan baldintzen inguruko aurreakordio bat sinatu dute gaur Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Steilas, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek. ELAk, aldiz, ez du akordioa berretsi. Besteak beste, langileei egonkortasun handiagoa emateko, behin-behinekotasuna % 10 murrizteko eta bajak lehen egunetik aurrera estaltzeko konpromisoak adostu dituzte.

Akordioaren xehetasunak bi ordu eta erdiko bilera batean adostu dituzte gaur sindikatuek eta Hezkuntza Sailak, Gasteizen, negoziatzen hilabeteak eman ondoren. Aldeak pozik agertu dira, ELA izan ezik, aurreakordioak “gabezi handiak” dituela argudiatuta.

Gainerako sindikatuek, ostera, akordioa positibotzat jo dute, baina “abiapuntu” bat dela ohartarazi dute, irakasleen lan baldintzak behin betiko finkatzeko.

Lau bloke handitan bildu dituzte konpromisoak: enplegua, behin-behinekotasuna eta egonkortasuna; ordezkapenak; zentroetako langile kopurua eta irakasleen lan baldintzak.

Horrela, behin-behinekotasuna % 27tik % 17ra murrizteko eta 2.500 bitartekori egonkortasuna emateko helburuarekin zenbait neurri adostu dituzte; lan eskaintza publiko batek bete arte lanpostu bera izateko aukera, esaterako.

2020ra bitartean 5.000 lanpostuko lan eskaintza publikoa egiteko konpromisoa hartu du Hezkuntza Sailak.

Maila guztietan bajak lehen egunetik aurrera estaltzeko, 20 ikasle baino gehiago dituzten hiru urteko ikasgeletan langile kopurua areagotzeko eta adinaren arabera eskola-orduak murrizteko konpromisoa hartu dute sinatzaileek.

Era berean, egoera okerrenean dauden 140 ikastetxeetan irakasle gehiago jarriko dituzte lanean, zentroetako emaitza akademikoak, familien indize sozioekonomikoa, errepikatzaileen kopurua eta irakasleen egonkortasuna kontuan hartuz, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak azaldu duenez.

 

Uriarte: "Irakasleen baldintzak hobetzen ditu eta hezkuntza sistema guztiari mesede egingo dio"

 

Hezkuntza Mahaia bildu ondoren, “akordio ona” aintzat hartu du sailburuak, “irakasleen baldintzak hobetzen dituelako eta hezkuntza sistema guztiari mesede egingo diolako”.

“Elkarrizketa posible zela demostratu dugu”, zoriondu da Uriarte. “Kostata, baina merezi izan du”, gaineratu du.

Gaur sinatutako akordioaren atzean “lan handia” dagoela azpimarratu du Olatz Garamendi sailburuordeak, “azken minutura arte eztabaidatu” dutelako.

Aitor Idigoras Steilaseko ordezkariaren hitzetan, “aurreakordio garrantzitsua da, etorkizuneko negoziazioei begira bidea markatzen duelako”. Hala ere, “adostu gabe geratu diren hutsune guztiak jaso beharko dituen akordio orokor bat lortu behar dugu”, gogorarazi du.

 

LAB: "Hitzarmen berriak negoziatzeko abiapuntu bat da"

 

Aitor Nuñezen (LAB) ahotan, gaur sinatutako testua “hitzarmen berriak negoziatzeko abiapuntu bat da”. Irakasleek egindako mobilizazio esker posible izan dela nabarmendu du Nuñezek.

Pablo Garcia de Vicuña (CCOO) ohartarazi duenez, “hau hasi baino ez da egin”; izan ere, aldarrikapen asko ez daude akordioan “% 100ean” jasota.

Joseba Ander Munoz UGTko ordezkariak nabarmendu duenez, “zintzilik geratu diren gaiak mahai gainean jarri behar dira orain”. “Akordio oinarriak” langileen ordezkaritzaren % 80k babestu duela goraipatu du Muñozek.

Bestalde, “aurreakordioak edukiak lotu gabe” utzi dituela kritikatu du ELAk, etorkizuneko bileretan aztertzeko asmoarekin. “Gabezia garrantzitsuak” salatu ditu sindikatu abertzaleak. “Bajak lehen egunetik ez dira bermatzen, galdu den erosteko ahalmena berreskuratzeko neurririk ez da aurreikusten eta erretiro hobaria ez da aipatzen”, azaldu du Miren Zubizarreta ordezkariak.

ELA MIREN ZUBIZARRETA HEZKUNTZA EFE

Miren Zubizarreta ELAko ordezkaria. Argazkia: EFE

Iruzkinak

Publizitatea
Publizitatea
NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN
Erreportajeak Aktualitateari buruzko elkarrizketak. Erreportajeak
Publizitatea
Publizitatea

Bisitatuena

    Kargatzen ikusiena
        Kargatzen ikusiena