Publizitatea
X

Irratia zuzenean

Rajoyren murrizketak | Espainiako Gobernuak BEZ zerga igoko du

Ekonomia

Agerraldia Kongresuan

Rajoyk BEZa igo eta funtzionarioei aparteko soldata bat kenduko die

Erredakzioa

2012/07/12

Guztira, asteazken honetan iragarritako neurrien eragina 65.000 milioi eurokoa izango da datozen bi urte eta erdian, Rajoyk jakinarazi duenez.

02:39
  • Partekatu
  • Bidali

Iruzkinak

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak Europar Batasunarekin lotutako azken akordioak eta egingo dituen murrizketa ekonomikoak aurkeztu ditu Diputatuen Kongresuan.

Gobernuko presidenteak esan du defizit publikoa murrizteko eta egonkortasun fiskala lortzeko neurriek, diru-sarrerak eta gastu murrizketak kontuan izanda, 65.000 milioi euroko eragina izango dutela datozen bi urte eta erdian, BPGren % 6,5 hain zuzen ere.

BEZ zergaren igoera

Exekutiboaren presidenteak iragarri du BEZ zerga orokorra % 18tik % 21era igoko duela, % 8tik % 10era murriztuaren kasuan, eta % 4ean utziko duela oinarrizko ondasunei dagokiena. Ostiraleko ministroen kontseiluan onartuko omen dute eta Estatuaren Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan sartuko da indarrean, igandean edo astelehenean.

Gainera, ostiralean ingurugiroaren gaineko zerga berri bat ezarriko omen da, "kutsatzen duenak ordain dezan". Tabakoaren gaineko zerga igotzea ere aztertuko dutela esan du.

Rajoyk aldaketak iragarri ditu Elkarteen gaineko Zergaren ordainketa zatituen sisteman, baina ez du zehaztu zeintzuk izango diren aldaketa horiek.

Kotizazio sozialei dagokienez, % 1 jaitsiko dira 2013an, eta beste hainbeste 2014an.

% 30 zinegotzi gutxiago

Udal erakundeen alorrean, zinegotzi kopurua murriztuko du Rajoyk, eta hamarretik hiru gutxiago egongo dira.

Era berean, alkateen eta zinegotzien soldatak homogeneizatu eta argitaratuko dituzte. Horretarako, Estatuko aurrekontuetan baremo bat zehaztuko dute udalerriaren arabera.

Rajoyk esan du Gobernuak berehala egingo duela administrazioen erreforma, doikuntza eta eraginkortasuna lortzeko, eta bikoiztasunak saihesteko. Hori horrela, aldundien papera indartuko du zerbitzuak horietan zentralizatzeko.

Erreforma horri esker udalerri txikiek zerbitzu publikoak prezio egokietan eta hobeto kudeatuta jasoko dituztela uste du Rajoyk.

Gainera, udal mailako enpresa publiko batzuk desagertuko direla aurreratu du Espainiako Gobernuko presidenteak.

Rajoyren esanetan, Administrazioaren erreforma horrekin 3.500 milioi euro inguru aurreztuko dituzte.

Pentsioen erreforma

Beste alde batetik, Gobernuko presidenteak adierazi du Toledoko Itunera proiektu berri bat eramango duela pentsioen sistema erreformatzeko, egonkortasuna lortzeko eta aurre erretiroa jorratzeko.

Diru gutxiago langabeentzat

Bestalde, langabeek diru gutxiago jasoko dute seigarren hilabetetik aurrera, hala ere, Rajoyk argi utzi du 24 hilabetez jaso ahal izango dutela langabeek dirua.

Azaldu duenez, "lana bilatzea sustatze aldera", orain langabezia kobratzen hasten direnek % 50 inguru gutxiago jasoko dute seigarren hilabetetik aurrera.

Funtzionarioak

Gobernuko presidenteak iragarri duenez, funtzionarioek eta goi-kargudunek ez dute 2012ko Gabonetako aparteko soldata jasoko, baina langile publikoek berreskuratu egingo dute pentsio-funts gisa 2015erako. Azaldu duenez, beharrezkoa da neurri hori hartzea "ekonomiaren aparteko egoera kontuan izanda".

Neurriak administrazio zentraleko, erkidegoetako eta udaletako goi-kargudunei eragingo diela jakinarazi du Rajoyk, eta diputatu eta senatariei neurriarekin bat egiteko deia egin die.

Murrizketak justifikatze aldera, Administrazioko soldatek Estatuko aurrekontuen zati handiena hartzen dutela azaldu du, eta 2007tik 289.000 langile publiko gehiago daudela, sektore pribatuan 2,9 milioi gutxiago dauden bitartean.

Era berean, funtzionarioek dituzten erabilra libreko egunen kopurua ere murriztuko duela aurreratu du.

Liberatu sindikal kopurua ere txikitu eta legeak ezartzen duenera mugatuko dute, funtzionarioen bajen baldintzak gainerako langileenen pare jarriko dituzte eta langile publikoen mugikortasuna erraztuko dute.

Etxebizitza erosteagatik, kenkaririk ez

Espero zen moduan, Gobernuko presidenteak iragarri du etxebizitza erosteagatik kenkaririk ez dela izango 2013tik aurrera.

Atzeraldia

Aurreikuspen ofizialen kontra, 2013an Espainiako ekonomiak atzera egingo duela iragarri du Gobernuko presidenteak.

Rajoyk azaldu duenez, "Espainian ekonomia haztea eta lanpostuak sortzea ez da posible, historiako bigarren atzeraldi larrienean gaude, ekonomiaren jarduerak % 2 inguru egin baitu behera".

Defizit publikoa

Neurri horiek guztiak defizit publikoa murrizteko konpromisoaren baitan kokatu ditu Rajoyk, izan ere, Europako Kontseiluak defizit publikoa murrizteko konpromisoa betetzea exijitu dio Espainiari. Hori horrela, 2012 amaierarako defizita % 6,3ra, 2013rako % 4,5era eta 2014rako % 2,8ra murriztu beharko dela jakinarazi du.

Iruzkinak

Publizitatea
Publizitatea
NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN
Erreportajeak Aktualitateari buruzko elkarrizketak. Erreportajeak
Publizitatea
Publizitatea

Bisitatuena

    Kargatzen ikusiena
        Kargatzen ikusiena