Ekonomia -

Dokumentazioa

Zer dira epe laburreko salmentak?

Espekulazio-operazioak dira, eta burtsa jaisten denean eragiten dituzte mozkinak.

Madrilgo burtsa. EFE
Madrilgo burtsa. EFE
Madrilgo burtsa. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Epe laburreko salmentak, Espainiako Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak (CNMV) hiru hilabetez debekatutako eragiketak, espekulazio-operazioak dira. Espekulatzaileak hainbat akzio hartzen ditu (normalean, beste bati alokatuta), eta saldu egiten ditu, prezioa jaitsiko den ustean. Ondoren, berriz ere erosten ditu, merkeago, eta jabeari itzultzen dizkio. Mozkina saldutakoaren eta erositakoaren arteko aldea da.

Epe luzeko salmentek burtsa igotzean ematen dituzte mozkinak. Epe laburrekoek, aldiz, burtsa jaisten denean.

Neurria urriaren 23 arte izango da indarrean, baina CNMVk luzatzea erabaki dezake.

Erabakia atzo hartu zuen erakundeak, merkatuetan 'egun beltza' izan eta gero. Ibex 35ek % 5etik gora galdu zuen (debeku honen ondorioz, baina, % 1,10era jaitsi ziren galerak), eta arrisku saria 642 puntutara iritsi zen, inoiz baino altuago.

Idoia Basterretxea Norbolsako zuzendariordeak adierazi du CNMVren debekuak lortu egin duela merkatua "egonkortzea", baina ohartarazi du "epe laburrean" baino ez duela izango eragina.

Victoria Torre Self Bankeko adituak Europa Pressen egindako adierazpenetan azaldu duenez, neurriak "lasaitasuna" ekarri du eta Espainiako zorraren inguruko espekulazioa "galarazi" lezake, baina ez du desagerraraziko inbertitzaileen beldurra (Greziako porrota Espainian errepikatuko den beldur dira).

Daniel Pingarron IG Marketseko analistaren esanetan, debekuaren eraginak "egun gutxi" iraungo du, "inork ez baitu frogatu epe laburreko salmentarik gabeko merkatu batek tankera horretako operazioak baimentzen dituen batek baino igoera handiagoak lortzen dituela".

Azkenik, Nuria Alvarez Renta 4ko adituak ohartarazi du jaitsi egingo dela Espainiako burtsaren negoziazio kopurua, "iaz neurri bera onartu zutenean gertatu zen bezala".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea