Krisi Ekonomikoa -

Greba orokorra

Sindikatuen zatiketak grebaren eragina murriztu du EAEn eta Nafarroan

Eragin handiena industria, eraikuntza eta garraio alorretan izan du. Eusko Jaurlaritzak esan du grebaren jarraipena % 13koa izan dela Araban, % 9koa Bizkaian eta % 3koa Gipuzkoan.

Espainiako Gobernuaren murrizketen kontrako manifestazioa, Donostian. Argazkia: Efe
Espainiako Gobernuaren murrizketen kontrako manifestazioa, Donostian.
Greba orokorrak oso erantzun eskasa izan du EAEn eta Nafarroan

06:07

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoan lasaia izan da urteko hirugarren greba eguna. Apenas izan da aipatzeko moduko istilurik, eta jarraipenari dagokionean, irailaren 26an baino txikiagoa izanik ere, arrakastatsutzat jo dute UGTko eta CCOOko Euskadiko arduradunek, Damaso Casadok eta Unai Sordok.

Hiriguneetan, Bilbon sumatu da gehien lanuztearen eragina. Sindikatuen arabera, jarraipen zabala izan da garraio arloan, baita industrian eta eraikuntzan ere.

Jaurlaritzaren arabera, greba orokorraren jarraipena % 10ekoa izan da sektore pribatuan, eta % 5ekoa sektore publikoan. Unai Sordo CCOOko eta Damaso Casado UGTko idazari nagusien hitzetan, Euskadin izan den jarraipena "ona" izan da.

Lurraldeka, jarraipena % 13koa izan da Araban, % 9koa Bizkaian eta % 3koa Gipuzkoan.

Eraikuntzan % 60ko jarraipena eta industrian % 50ekoa izan dela adierazi dute aipatu sindikatuek.

Milaka pertsona manifestazioetan

Milaka pertsona elkartu dira Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean Mariano Rajoyren Gobernuaren murrizketen kontrako manifestazioetan.

Bilbokoan, Unai Sordo CCOOko eta Damaso Casado UGTko EAEko idazkari nagusiek parte hartu dute eta "gustura" agertu dira grebak izan duen jarraipenagatik, industria alorrean izandakoagatik batez ere.

Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramaileak, Isabel Salud Ezker Anitzako kideak eta Jose Navas eta Javier Madrazo Ezker Batuko kideak ere parte hartu dute protesta-ekitaldian.

Halaber, manifestazio jendetsu batek itxi du Iruñean, Nafarroan, UGTk eta CCOOek deitutako greba orokorra. Buruen ustez, garapena "oso arrakastatsua" izan da.

Batzar Sozialak (246 erakunde ditu) deitutako martxa baino lehen, Juan Goyen UGTko eta Jose Maria Molinero CCCCOeko idazkari nagusiak oso pozik azaldu dira lortutako emaitzekin, haien esanetan, % 70eko jarraipena izan baitu.

Garraioa

Bilbo eta Pasaiako portuak itxita; aireportuetan, gutxieneko zerbitzuak bakarrik izan dira indarrean. Loiun, esaterako, bertan behera geratu dira 10 hegalditik 7. Gutxieneko zerbitzuak bete dituzte baita ere Renfen, TUVISAn eta TCSAn, iturri sindikalen arabera.

Enpresa handiei dagokienean, jarraipena zabala izan da Sidenor, Mercedes eta Michelin enpresetan, UGTk dionez.

Bilbon, goizean goizetik kalera atera dira piketeak eta arrakasta izan dute San Mames Barrian, geldi egon baitira lanak. Corte Ingles saltokiak, ordea, ateak ireki ditu, pikete eta ertzainen arteko hainbat tirabira eta bultzakaden ondoren. Tankera horretako istilu txiki batzuk izan dituzte baita ere piketeek Elorrietako autobus aparkalekuan.

Donostian ohiko lanegun baten antzeko argazkia eman da erdigunean, baita Martuteneko 27 poligonoan ere.

Donostiako hiri autobusen % 63 aritu da lanean, baina zenbait ibilbide ez dituzte osorik egin.

Gasteizko erdigunean, lan egun bateko mugimendua eta zirkulazioa antzeman da. Hala ere, Michelingo iturri sindikalek zehaztu dute % 50koa izan dela lanuztea.

Goizak utzitako gora behera bakanen artean, Gasteizen, Lakuan, bi zaborrontzi erre dituzte. Ertzaintzak ez du zehaztu grebarekin loturarik izan ote duten erasoek.

Patronalak

Bizkaian, CEBEK patronalak zabaldutako datuen arabera, % 5etik beherako jarraipena izan du lanuzteak altzairugintzan, eraikuntzan eta arlo kimikoan. Merkataritzan, jarraipena % 7koa izan dela du, eta salatu du goizean goiz, zenbait saltokik ezin izan dituztela aterak ireki, piketeen mehatxuak tarteko.

Gipuzkoan, orohar, langileen % 97 lanera joan dira, Adegik zabaldutako datuen arabera. Enpresarioen elkarteak onartu du, hala ere, jarraipena ez dela parekoa izan herrialde eta arlo ezberdinetan.

Araban, SEAk emandako datuaren arabera, % 5,6koa izan da jarraipena. Deialdia egin duten sindikatuetako ordezkari askok ere ez dutela bat egin dio Arabako patronalak.

Euskal autonomia erkidegoko patronalek berretsi dute garai zailak direla hauek, eta grebek ez dutela laguntzen enpresen egoera hobetzen.

Nafarroa

Hego Euskal Herrian, Nafarroan izan du eragin handiagoa greba deialdiak. Eskualdeen araberakoa izaten ari da jarraipena, ohi denez. Aurrekoan Iparraldean igarri zen gehien; gaur, berriz, Iruñerrian eta Erribera aldean utzi diote lanari langile gehienek. Hamarretik zazpik greba egin dute, sindikatuen esanetan, eta Administrazioan % 6ak soilik Gobernuaren arabera.

Nafarroako lantegirik handiena den Volkswagen ia geldirik egon da goizean, eta horixe baieztatu du Jose Luis Manias Volkswageneko langile-batzordeko buruak.

UGTren eta CCOOren arabera, Iruñerrian eta Erdialdean eta Erriberan hamarretik bederatzik bat egin du lanuztearekin; mendialdean, hamarretik hiruk. Industrian, Hezkuntzan eta zerbitzuetan martxoaren 29ko greba baino ahulagoa izan omen da gaurkoa, sindikatuen batasun ezagatik.

Garraioetan gutxieneko zerbitzuak besterik ez da egon Villabesetan, Noaingo aireportuan eta RENFEren geltokian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea