Etxegabetzeak -

Kaleratzeak Stop Gipuzkoa

Laguntza eskatzen duten autonomoen kopuruak gora egin du

Bi etxebizitzaren eta emakume baten okindegiaren enkantea bertan behera geratu izana ospatu du Gipuzkoako Kaleratzeak Stop plataformak. Emakumeak ezin zion zorrari aurre egin.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi etxebizitzaren eta emakume baten okindegiaren enkantea bertan behera geratu izana ospatu du Gipuzkoako Kaleratzeak Stop plataformak. Emakumeak ezin zion zorrari aurre egin. Kolektiboari laguntza eskatzen dioten autonomoen kopuruak gora egin duela ohartarazi du plataformak.

Plataformako kideek elkarretaratzea egin dute gaur Donostiako Boulevardean. Ana Mugicaren kasuaren berri eman dute bertan. Laboral Kutxak bere etxea eta gurasoen etxebizitza enkantean jarri behar zuen maiatzaren 8an. Gurasoak pentsiodunak dira eta Ordizian bizi dira. Emakumearen abal-emaileak izan ziren.

Txantel berdinean okindegia eta aitaginarreben Orihuelako (Alacant) etxebizitza sartuta zeuden. Ana Mugicaren ogibide bakarra da Ormaiztegiko okindegia da.

100.000 euroko zorra

Mugicak 23 urteko seme bat eta 12 urteko alaba bat ditu. Semeak okindegian lan egiten du. Galera horiez gain, 100.000 euroko zor bati aurre egin behar zion emakumeak.

Mugicak azaldu duenez, Laboral Kutxari 500.000 euroko mailegua eskatu zion 2006an negozioa martxan jartzeko. Okindegiak “ez du asko fakturatzen” krisi testuinguruan eta zorra ordaintzeko baliabide nahikorik ez du lortu, erantsi duenez.

Alkateen bitartekotza

Egoeraren aurrean Kaleratzeak Stop plataformari laguntza eskatzea erabaki zuen. Era berean, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateari esku hartzeko eskatu zion kolektiboak. Entitate hartzekodunak enkantea bertan behera uzteko bitartekotza lana egin zuen alkateak.

Rosa Garcia Gipuzkoako Kaleratzeak Stop plataformaren bozeramaileak azaldu duenez, kolektiboak jarraitu ohi duen bidea da; izan ere, etxegabetzearen mehatxua duen pertsonaren herriko alkateari inplikatzeko eskatzen diote beti. Zentzu horretan, Errenteria, Pasaia, Eibar, Lasarte eta Urnietako alkateek, besteak beste, bitartekotza egin dutela goraipatu du Garciak.

Zorra berriz negoziatzeko elkarrizketak hasteko data bat finkatu behar du orain bankuak. Helburua Ana Mugicak ordainketak egin ahal izatea da.

“Gurasoen etxea eta okindegia mantendu nahi ditut soilik”, adierazi du Mugicak. Antzeko egoera batean dauden autonomoei “lotsa” alde batera utzi eta laguntza eskatzeko esan die.

Hasiera batean, etxea galtzeko arriskua etorkinek zuten, ondoren langabeek eta orain klase ertainek eta autonomoek, Kaleratzeak Stop plataformak azpimarratu duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Gipuzkoa Etxegabetzeak gaur Gizartea bideoak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Higiezinen merkatua gaur