Gizartea -

Bullying kasua

Ikaskideek mutiko bati jazarpena egiten diotela salatu dute Plentzian

Gurasoek salaketa jarri dute Ertzaintza, izan ere, erasoek ez dute etenik izan haurra beste eskola batera eramanda ere. Irain homofoboak eta mehatxuak egiten omen dizkiote.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hamabi urteko mutiko batek Plentziako (Bizkaia) institutuko ikaskideengandik jasotzen duten jazarpena salatu dute gurasoek Ertzaintzaren aurrean. Ikaskideek mehatxuak eta irain homofoboak egiten omen zizkioten haurrari etengabe, eta ondorioz, mutikoak antsietate krisiak izan ditu.

El Correo egunkariak argitara eman duenez, DBHko lehenengo mailako ikaslea beste eskola batera eraman behar izan zuten pairatzen zuen jazarpenagatik, baina eskolaz aldatuta ere, jazarpenak bere horretan jarraitzen du.

Jazarpen kasu larri baten ondoren erabaki zuten gurasoek salaketa jartzea. Ertzaintzari azaldu ziotenez, ikaskideek biktima inguratu eta, helduta zutela, iraindu eta mehatxatu egin zioten Sopelako jolastoki batean.

Haurrak antsietate krisiak izan ditu erasoengatik eta Gurutzetako ospitalean artatu behar izan ditu behin baino gehiagotan. Gainera, depresioaren kontrako tratamendua jarri diote.

Eskolaz aldatu zen

Adingabeak Plentziako institutuan hasi du ikasturtea eta hasieratik izan ditu arazoak, izan ere, autobusean bertan jasaten zituen erasoak. Hala eta guztiz ere, autobuseko arazoak konpontzea lortu zuten, gidariak esku hartu zuelako eta erasotzaileen gurasoekin hitz egin zutelako.

Baina ikaskideek mutikoari eraso egiten jarraitu zuten, jantokian, atsedenaldian eta gimnasia eskoletan. Hori horrela, haurrak atsedenaldian liburutegira joatea erabaki zuen, eta etxekoei eskolara ez zuela joan nahi esaten zien.

Egoera horren aurrean, gurasoek psikologoarenera eraman zuten, eta horrek psikiatrara bidali zuen kasua. Psikiatrak depresioa diagnostikatu zion eta lasaigarriak eman zizkion.

Hala ere, egoerak ez zuen hobera egin, eta psikiatraren agiriarekin ("eskola jazarpenagatik antsietate arazo larria du" zioen agiriak) eskolaz aldatzea eta Sopelara eramatea lortu zuten.

Jazarpenak jarraitu egin zuen

Haurra gustura hasi omen zen eskola berrira joaten, ikaskideek ondo tratatzen zutelako. Baina, azkenean, ikaskide ohiak bere bila joan ziren eta, Sopelako jolastoki batean aurkitu zutenean, irainekin eta mehatxuekin jarraitu zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Plentzia bideoak