Gizartea -

Herri-galdeketa

Legazpin botoa eman dutenen % 97, atez ateko sistemaren aurka

Bozkatzera deituta zeuden lagunen erdiek baino gehiagok eman du bere iritzia. Hala ere, emaitzak ez dira lotesleak eta alkateak salatu duenez, "erroldatuta ez daudenek ere bozkatu dute".

Biigarren galdeketa eguna dute Legazpin. EiTB
Bigarren galdeketa eguna dute Legazpin
Legazpin botoa eman dutenen % 97, atez ateko sistemaren aurka

1:03

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guztira, zaborrak biltzeko 'atez ateko' sistemaren kontra 3.599 boto zenbatu dira Legazpin Atez Atekoaren Kontrako Herri Plataformak deituriko herri-galdeketan. 61 lagunek alde bozkatu dute eta 23 baliogabeko boto egon dira.

Zabor bilketaren gainean iritzia emateko bozkatzera deituta zeuden lagunen erdiek baino gehiagok, zehazki % 51,7k, eman du boza, eta horien artean, % 97 bosgarren edukiontziaren alde azaldu da, hau da, atez ateko sistemaren aurka.

Emaitzen arabera, "gehiengoa atez ateko sistemaren aurka dagoela argi geratu da", esan du Koldobike Olabidek, herri-galdeketa deitu duen plataformako bozeramaileak.

Bihar aurkeztuko dizkiote emaitzak ofizialki Udalari. "Herritarren benetako parte-hartzea izan da eta herria bosgarren edukiontziaren alde dagoela argi dago", gaineratu du.

Hori dela eta, "inflexio-puntua" dela esan du Aldundiak eta Bilduk kudeatzen dituen Udalek bultzatzen duten atez ateko sistemaren ezarpen prozesuan.

Bilduko Udalak ekainean ezarriko duen zaborrak biltzeko 'atez ateko' sistemaren aldeko ala aurkako boza eman dute asteburuan Legazpiko bizilagunek.

"Oso gustura" azaldu dira emaitzekin. "Legazpi bosgarren edukiontziaren alde dagoela argi geratu da; Legazpik erabaki egin du eta alkateak erantzun bat eman beharko digu", esan du Mikel Alberdi herri-galdeketako antolatzaileetako batek.

Desobedientzia zibila

Atez atekoaren Kontrako Herri Plataformak deituta, 7.000 lagunek izan dute hondakinen kudeaketaren inguruan bozkatzeko aukera. Bost hauteslekutan eman zezaketen boza: Domingo Agirren, Laubiden, San Ignazion, Haztegin eta Brinkolan.

Bosgarren edukiontzia nahi dutenek boto-paper marroia aukeratu behar izan dute, eta 'atez ateko'aren aldekoek, ordea, zuria.

Atez ateko sistemaren aurka 3.600 lagunen sinadurak lortu ostean deitu zuen herri-galdeketa Atez Atekoaren Kontrako Herri Plataformak. Horien arabera, galdeketak "argi utzi du bizilagunak Bilduk ezarri nahi duen sistemaren aurka daudela". Hala ere, Koldobike Olabide plataformaren bozeramaileak esan zuenez, emaitzak ez dira lotesleak baina "auzi honetan herriak badu erabakitzeko eskubidea".

Ildo horretan, ez dute baztertzen "desobedientzia zibila" deitzea; izan ere, Olabidek esan zuenez, emaitzei kasu egin ezean, "legazpiarrek inposaketaren aurka daudela azaltzeko desobedientziara joko dute".

Bestalde, Kepa Urzelai alkatearentzat galdeketa ez da garbia izan, "erroldatuta ez daudenek ere bozkatu ahal izan dutelako". "Erroldatuta ez daudenek ere bozkatu dute, eta botoa beste baten esku uzteko aukera ere eman da" salatu du.

Herri-galdeketa, Usurbilen

2010ko martxoan Usurbilgo herritarren % 55,8k atez ateko sistemaren aldeko boza eman zuen. Ondorioz, 2009an ezarritako sistemari eustea erabaki zuen Udalak. Galdeketa horretan usubildarren % 70,23k parte hartu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Legazpi azken ordukoa Ekologia gaur Hondakinen berrerabilpena