Publizitatea
X

Irratia zuzenean

Ada hil da | Juan Carlos Aguilarrek jipoitutako nigeriarra zendu da

Gizartea

Zen4 gimnasioko krimenak

Ada eta Jenny Sofia, shaolin faltsuak hildako bi emakume

Erredakzioa

2013/06/06

Ada Otuya asteazken honetan hil da, igandetik koman egon eta gero. Jenny Sofiaren gorpuzkiak Zen4 gimnasioan aurkitu zituzten.

  • Ada koman zegoen igandetik. EiTB

    Ada koman zegoen igandetik. EiTB

  • Partekatu
  • Bidali

Iruzkinak

Maureen Ada Otuya 29 urteko nigeriarra eta Jenny Sofia Rebollo 40 urteko kolonbiarra. Juan Carlos Aguilar Bilboko Zen4 gimnasioko jabeak hil dituen bi emakumeak dira.

Ikerketan ari direnek EiTBri jakinarazi diotenez, bi emakumeak prostituzioan aritzen ziren, kolektibo horrek bizi duen babesgabetasunaren erakusle. Dena dela, Jennyren senideek eta lagunek ukatu egin dute prostituta zela, estetikaren munduan egiten baitzuen lan.

Ada gaur eguerdian hil da, Basurtoko Ospitalean, igandetik koman egon ondoren. Egun horretan, Ertzaintzak Zen4 gimnasioan aurkitu zuen, oso larri. Bigarren neska Jenny Sofia dela jakin du gaur Ertzaintzak, gimnasioan bere gorpuzkinak aurkitu ondoren.

Duela urtebetetik Bizkaiko hiriburuan bizi zen, baina aurretiaz Gasteizen eta Espainiako hainbat tokitan bizi izan zen, Edo Club Nigeria elkarteko kide batek azaldu duenez.

Bestalde, aipatu iturrien arabera, Jenny Sofia 40 urteko kolonbiarrarenak dira, atzo Juan Carlos Aguilarren gimnasioan eta etxebizitzan aurkitutako gorpuzkinak. Ertzaintzaren aurrean hilketa aitortu zuen gainera, Aguilarrek.

Jenny Sofia Rebollok adin txikiko bi seme ditu, horietako bat berarekin bizi zen Bilbon, eta bestea, Kolonbian, haren amarekin. Hildakoaren senitartekoek Caracol irrati kateari adierazi diotenez, hamar urte zeramatzan Kolonbiatik kanpo. Antza denez, apaidengi bat zeukan Kolonbian, eta Espainiara joandakoan antzerako denda bat ireki zuen.

Ostiralean hil zuela aitortu bazuen ere, Ertzaintzak ez du baztertzen hilketa egun batzuk lehenago gertatu izana. Hatz-markei esker identifikatu ahal izan dute hildakoa.

Gertaera

Igande arratsaldean, Ada bortxaz Aguilarren gimnasioan sartu zutela ikusi zuen lekuko batek, eta Ertzaintzari deitu zion.

Ertzainak gertaeraren tokira bertaratu ziren, eta borraz bota zuten atea. Gimnasio barruan aurkitu zuten Ada larri, eta ondoko gela batean Juan Carlos Aguilar bertako arduraduna.

Ertzaintzak Juan Carlos Aguilarren gimnasioa eta etxebizitza miatu zituen eta Jenny Sofia Revolloren gorpuzkinak aurkitu zituen.

Gaur epailearen esku utzi dute, eta deklaratu ostean, kartzelara bidali dute.

Calparsoro: 'Ministerio Fiskalaren jarrera argia eta irmoa izango da'

Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiak jakinarazi duenez, Ministerio Fiskalaren jarrera "argia eta irmoa" izango da. Bestalde, baikor agertu da eta Ertzaintzak gertaturikoa argituko duela uste du.

"Gertaturikoa onartezina da, eta oraindik gure gizartean errotuta dagoen biolentzia matxistaren lekuko da", gaineratu du.

Calparsororen arabera, atxilotuari 30 urtetik gorako kartzela zigorra ezarri diezaiokete. Horren esanetan, ustezko hiltzaileak buruko arazoak dituela frogatzen bada eragina izan lezake epaian. Muturreneko kasuan, psikiatriko batean sar dezakete. Bestela, zigorra jaitsi diezaiokete buruko arazoak dituelakoan.

Kontzentrazioa Bilbon

Bilboko Udaleko eskaileratan kontzentrazioa egin dute eguerdian, bi emakumeen hilketa salatzeko. Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean, tolerantziarik ez izatea aldarrikatu dute.

Bilboko Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztietako kideak eta beste hainbat politikari elkartu dira kontzentrazioan. Hala, bertan izan dira, besteak beste: Andoni Ortuzar, EAJren EBBko burua; Patxi Lopez, PSE-EEko idazkari nagusia, eta Jose Antonio Pastor, Rodolfo Ares eta Idoia Mendia sozialistak; Juan Luis Ibarra, EAEko Auzitegi Nagusiko presidentea, eta Juan Calparsoro, EAEko fiskal nagusia; Unai Sordo, CCOO sindikatuko idazkari nagusia eta Ana Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea.

Kontzentrazioaren amaieran Ibon Areso Bilboko jarduneko alkateak hitz egin du, eta gertaerak hirian eragin duen zirrara nabarmendu du, "horrelako ekintzak ez baitira ohikoak Bilbon". "Hiri bakezalea da Bilbo eta ez gaude horrelako gertaeretara ohituta", gaineratu du. Azaldu duenez, ez zegoen gizonaren kontrako salaketarik eta "ustekabeko gertaera izan da".

Adaren lagunak ere elkarretaratzean izan dira, eta justizia eskatu dute. Kontzentrazioa amaitu eta gutxira hil da emakumezkoa Basurtuko ospitalean, eta albistearen berri izan bezain laster, gertaturikoa salatu dute haren lagunek.

"Hiltzaile baten erruz gaude negarrez orain. Justizia behar dugu. Adak ez zuen horrelakorik merezi, neska jatorra zen", adierazi du haren lagunetako batek.

Iruzkinak

Publizitatea
Publizitatea

NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN
Erreportajeak Aktualitateari buruzko elkarrizketak. Erreportajeak
Publizitatea
Publizitatea

Bisitatuena

    Kargatzen ikusiena
        Kargatzen ikusiena