Gizartea -

Aitasantutzaren errepasoa

Frantzisko aita santua, lehenengoa

Lehen pontifize amerikarraren aitsantutzaren hasierak hautsak harrotu ditu. Zer dugu aurretik, itxura aldaketa soila, idealista baten abentura zoroa edo Elizaren historiako garai berri baten hasiera?

Frantzisko aita santua. Argazkia: Efe.
Frantzisko aita santua. Argazkia: Efe.
Frantzisko aita santua. Argazkia: Efe.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jorge Mario Bergoglio, Frantzisko aita santua, lehen pontifize amerikarra da, VIII. mendetik europarra ez den bakarra eta Jesusen Lagundiko kide den lehenengoa. 2013ko martxoaren 13an, konklabearen bigarren egunean aita santu hautatu zutenean, Frantziskok bidaia berritzailea abiatu zuen Elizaren barruan, batzuk ustekabean harrapatuta eta beste batzuk beldurtuta. Hautsak harrotu ditu bide horrek dagoeneko Elizaren instantzia gorenetan: mamuak, izua, itxaropena eta txaloak piztu ditu han-hor-hemen.

Lehenengoa (I.a) ez dagokio oraingoz abizen gisa Jorge Mario Bergoglio aita santuaren izenari –Frantzisko I.a deitzeko, beste aita santu batek izendapen berbera erabili arte, hots, Frantzisko II.a egon arte, itxaron beharko da–, baina argentinarra lehena izan da dagoeneko hainbat eta hainbat gauzatan.

Bergogliok egun horretan, 20:22an, Basilikatik egin zuen agurra aita santu batek muzeta gorria eta estola gorri bizia soinean izan gabe sekula egindako lehena izan zen; ez zen, halaber, jendartearen begietara gainerako elizgizonen gainetik agertzeko barandaren ondoan paratu zuten eserlekura igo, eta horretan ere aitzindari izan zen; ezein aita santuk ere ez zuen aurretik agurtu eta berehala jendea plazan bertan otoitz egitera gonbidatu, eta, denbora askoan lehenengoz eta bere aurrekariek ez bezala, gurutze xumea zuen lepotik zintzilik Vatikanoan agertu zenean, egun horretan. Keinu soilak dira, lehen begiratuan, baina arrastoak utzi zizkien orduan Bergogliok bere aitasantutzak zein bide hartuko zuen imajinatu nahi zutenei.

Munduaren aurreko lehen aurkezpen txartelak berak, aukeratu zuen izenak, oso argi utzi zuen zein ildo nagusi izango zituen bere agintaldiak ("behartsuak, sufritzen ari direnak, dira Elizaren helburu nagusia", esan du). Izan ere, San Frantzisko Asiskoaren ("pobreziaren gizona, bakearen gizona, Kreazioa jagoten eta maite duen gizona", Bergoglioren hitzetan), XIII. mendean Frantziskotarren Ordena sortu zuen eta, behartsuei etengabe lagunduz, soiltasun muturrekoan bizi izan zen santu baten, omenez hartu zuen izena, "pobreak eta gerrak gogoan hartuta". "Horrenbeste gustatuko litzaidake Eliza pobre bat pobreentzat", esan zuen konklabea bukatu eta hiru egunetara.

Gertutasuna

Keinuen, imintzioen, bidez erakutsi du Frantziskok oraingoz Eliza zein bidetara eraman nahi duen: bigarren mailan asmo sakonagoak erakusten dituzten ekintza horietako batean, Santa Marta egoitzan gainerako elizgizonekin batera bizitzen jarraitzea aukeratu zuen, eta ez, Pio X.arengandik (1903) hasita haren aurreko aita santu guztiek egin duten bezala, Vatikanoko Jauregi Apostolikoko hirugarren solairuko apartamentuan. "300 pertsona ere sartzen dira hemen!", adierazi zuen apartamentua ikustera eraman zutenean. Pobrezia kondenatzen duen eta haren ondorioengatik kezkatuta agertzen den pertsona batengan, koherentea izan zen aita santuaren hautua.

Gai horretaz galdetu ziotenean, Frantzisko aita santuak arrazoia soiltasuna zela esan zuen, noski: "Soil, apaindurarik gabe, agertu behar dugu Elizarentzat lanean ari garen guztiok. Hainbat soiltasun maila daude, noski, eta bakoitzak berea aurkitu behar du". Hala ere, arrazoi "psikologikoak" ere eman zituen berrehun eta hirurogeita seigarren aita santuak erabakia azaltzeko: "Ni ezin naiz talde txiki batekin batera soilik bizi –Ratzinger bere idazkariarekin, Alfred Xuereb apaiz maltar eta idazkari bigarrenarekin, lau laguntzaile laiko kontsakraturekin eta ikasketa eta idazketa lanetan laguntzen zion moja batekin bizi zen–. Nik jendea behar dut, jendearekin aurkitu eta haiekin hitz egin behar dut. Horregatik diot arrazoi psikiatrikoak ditudala bakarrik ez bizitzeko", erantzun zien kazetariei irailean, Rio de Janeirotik Vatikanora bueltan zihoan hegazkin batean haiekin hitz egiten ari zela.

Antolaketa "horizontalagoa"

Bere burua harresien atzean ez ezkutatzeko, inguruan urrezko kaiolarik ez eraikitzeko, ideia hori maila filosofikoan ere islatzen da, fisikoan ez ezik, aita santuaren jardunean; izan ere, Bergoglio aita santuaren ustez, hausnarketa esperientziatik abiatu behar da, gauzak bertatik bertara ezagutu behar dira: "Elizak zauriak sendatu, beroa bertatik bertara eman behar du. Ebanjelioaren ministroek pertsonen bihotza berotzeko ahalmena izan behar dute, gauetan haiek lagundu behar dituzte, beraiekin hitz egin; are gehiago: haien gaueraino, haien iluntasuneraino, jaisteko ahalmena izan behar dute, sekula galdu gabe. Jainkoaren seme-alabek artzainak behar dituzte, ez 'bulegoko elizgizon funtzionarioak' ...". Halaber, Elizak "Vatikanoaren mendekotasun txikiagoa" eduki behar duela eta "horizontalagoa" izan behar dela esan du behin baino gehiagotan Frantziskok, egungo egoera aldatzearen alde egitearekin batera.

Papa francisco

Horren erakusgarri da 2014ko urrian familiaren inguruko aparteko sinodoa egin nahi duela eta nazioarteko gotzain batzar guztiei egin dien eskaria: Frantzisko aita santuak batik bat parrokiak kontuan izanda (oinarrian dauden katolikoak, Elizako hierarkiaren kanpoaldetik datorren zurrumurrua, aintzat hartzeko apustua, beste behin ere) herritarren kezkak hobeto ezagutzeko galdetegi bat zabaltzeko eskatu du. Itaun sorta horretan, behinola Elizarentzat tabuak ziren gaiak jorratu ditu: homosexualen arteko ezkontza eta horiek adopzioan hartutako haurrak, dibortzioa, antisorkuntza, abortua...

Batzuek aldaketak ikusteko erakutsi duten premiaren aurrean, Bergoglio "bekatariak" (halakotzat  hartu zuen bere burua: "ez da hitz egiteko modu bat edo literatur baliabide bat: bekataria naiz", esan zuen) denbora behar du, bere esanetan, benetako aldaketa  eraginkor bat egiteko, bere bizipenetan oinarrituta, ez baititu bat-bateko erabakiak atsegin eta kontsulta asko egitearen zale baita; areago, "azalekoak" barik, "benetako kontsultak" gustuko dituela esan du. Horren ildotik, orain arte egin dituen adierazpenetan, ingurukoen txalo merkeetatik aldendu da. La Repubblica egunkarian egin zioten elkarrizketa batean, hau bota zuen: "Elizako nagusiak nartzisistak izan dira sarritan, ingurukoen lausengu merkeen erruz. Gortea legenarra da aitasantutzarako".

"Inoiz ez naiz eskuindarra izan"

Hain zuzen ere gai horretaz, erabakiak hartzeko moduaz, ari zela utzi zuen Erromako gotzainak bere agintaldiko titular nabarmenenetakoa. Civilta Cattolica aldizkarian egin zioten elkarrizketa batean, hau esan zuen: "Jesusen Lagundiko buruzagitzan egin nuen denboran, egia esatera, ez nuen beti zuzen, behar beste kontsulta eginez, jardun. Eta hori ez zen ona izan (...). Gai zailak zeuden ebazteko, eta nik bakarrik hartzen nituen erabakiak. Nire jarrera autoritarioak eta erantzuteko modu azkar horrek arazo galantak ekarri zizkidan, eta ultrakontserbadoretzat hartu ninduten askok. Krisialdi latza pairatu nuen Cordoban (Argentina). Ez nintzen, bada, Imelda moja sekularra bezalakoa izango, baina ez naiz inoiz eskuindarra izan. Erabakiak hartzeko nire modu autoritarioak sortu zizkidan arazoak".

Aldaketak egiteko irrika horretan, Frantziskok aurrera begiratu nahi du, eta Elizaren maila gorenetatik etengabe abortuaren, homosexualen eta antisorgailuen inguruan bota izan diren mezuak albo batera uztearen alde egin du, "bide berriak urratu, eta Eliza, bere barrutik aterata, maiz bisitatzen ez duten horiengana joan dadin". Nolanahi ere, Frantziskok mezu horiek ez errepikatzea eskatu du, ez Elizak gai horien gainean duen jarrera aldatzea: "Badakigu Elizak zer uste duen afera horietaz, eta ni Elizaren semea naiz, baina ez dugu etengabe gauza beren inguruan hitz egin behar".

Hala ere, Eliza irekitzearen aldeko apustu horretan, aita santuak denak hartu ditu aintzat "galduak" Elizara berriz bideratzeko lanean, homosexualak ere bai: "Pertsona homosexual bat borondate onez Jainkoaren bila ari bada, ni ez naiz inor bera epaitzeko. Ezin da bizimodu pertsonalean interferentzia espiritualik egin".

Emakumeek Elizaren organo erabakitzaileetan izan behar duten pisuari buruz iritzia emateko orduan, Frantziskok gai horri berandu baino lehen heltzea aldarrikatu du: "Emakumeak pisu handiagoa izateko bideak zabaldu behar dira (...). Eliza ezin da bera izan emakumerik gabe eta emakumeek parte hartu gabe. Emakumea ezinbestekoa da Elizarentzat. Maria, andre bat, gotzainak baino garrantzitsuagoa da. Ezin dugu funtzioa duintasunarekin nahasi, eta horregatik esaten dut hori. Hartara, emakumeak Elizan duen paperean sakondu behar dugu. Erabaki garrantzitsuak hartzen diren tokietan, emakumeen talentua egon behar da", esan du argentinar aita santuak.

Sistemaren ondorioen aurka

Frantzisko munduko bidegabekerien eta horiek pertsonen eguneroko bizimoduan dituzten ondorioen aurka ere agertu da frankotan. La Repubblica egunkarian urriaren 1ean argitaratu zuten elkarrizketa batean, honela mintzatu zen egoera politikoaren kontra: "Nire ustez, liberalismo basatiak indartsuak indartsuago egiten ditu, ahulak ahulago eta baztertuak baztertuago (...). Jardunbideak argi utzi behar dira, eta, beharrezkoa bada, Estatuek hartu behar dute bidegabekeria onartezinak zuzentzeko ardura, horiek konpontzeko zuzenean jardunez".

Francisco aita santua gaixoa

Aita santua, pertsona gaixo bat bedeinkatzen

Etorkizun hobe baterako bidaia abiatu eta, tamalez, supituki ozeano edo itsasoetako uretan itota bukatzen duten pertsonen tragedia amaigabe eta samingarriaren aurrean ere, Frantziskok bere iritzia eman zuen Lampedusako uretan hamaikagarren hondoratzea gertatu ondoren: "Lotsagarria da", esan zuen. "Bakeaz hitz egiten ari gara, mundu osoan dugun krisi ekonomikoaz mintzo gara; gizakiari zor zaion errespetua galdu dugulako gaude egoera honetan. Ezin ditut aipatu gabe utzi, min handiz, Lampedusako hondoratzean hildako biktimak. Lotsagarria izan da", esan zuen ezbeharraren berri izan eta gutxira.

Domu Santu eguneko mezan, miseriatik ihesi beste lurralde batera heltzeko saiakeretan hildako etorkinen alde egiteko eskatu zien fededunei. "Gure neba-arrebak dira ume eta gizon-emakumeok, egarriak, goseak eta nekeak bultzatuta aritzen direnak", esan zuen.

Quo vadis?

Denborak esango du Frantzisko aita santuak agintaldiaren hastapenetan egin dituen keinuek etorkizunean zerbait gorpuztuko ote duten Eliza katolikoaren egituran eta jardunean. Frantzisko aita santuaren lanaren eta adierazpenen aurrean, txaloak eta beldurrak sortu dira Vatikanoan eta iritzi publikoan, zinez bide berriak urratu nahi dituela baitirudi. Zer dugu aurrean, jarrera eta itxura aldaketa soil bat, idealista baten abentura zoroa edo Elizaren historiako garai berri baten hasiera? Ikusiko dugu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea bideoak Aita santua argazkiak Eguneko albisteak Albisteak Eliza Katolikoa albisteak