Gizartea -

Zaborren bilketa

Legazpik birziklatze-tasa bikoiztu du sistema mistoa ezarri zenetik

Gipuzkoako udalerrian sistema mistoa, atez atekoa eta bosgarren edukiontzia uztartzen dituen sistema, ezarri zuten urrian.

Hondakinak jasotzeko sistema mistoa erabiltzen dute Legazpin
Zaborra Legazpia
Hondakinak jasotzeko sistema mistoa erabiltzen dute Legazpin

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Legazpiko Udalak jakitera eman duenez, hondakinak jasotzeko ezarritako sistema mistoari esker udalerriko birziklatze-tasa bikoiztu egin da hilabete batean. Atez atekoa eta bosgarren edukiontzia uztartzen dituen sistema erabiltzen dute Legazpin eta %75eko birziklatze-tasa lortu dute.

Urriaren 17an ezarri zuten sistema mistoa eta Udalak lehen hilabetearen balorazioa eman du gaur ezagutzera. 921 familiek atez atekoa erabiltzea erabaki zuten eta 2.547k bosgarren edukiontzia.

Udalak ezagutzera eman duenez, orain arte hondakinen %30 birziklatzen zuten legazpiarrek. Datu hori %75era igo da azaroan. Denbora horretan 193.627 kilo hondakin sortu dira, eta horietatik 146.057 kilo bereizita jaso dira.

Kepa Urzelai Legazpiko alkatearen hitzetan, “datuek erakusten dutenez, Udala bide onean ari da lanean eta horrela jarraituko du emaitzak lortu bitartean”. Era berean, bizilagunek egindako “ezinbesteko” lana eskertu du.

Edukiontzi grisa erabiltzen ez duten bizilagunen eta poltsak zintzilikarioetan zuzenean uzten dituzten bizilagunen jarrera ere kritikatu du Urzelaik.

Sistema mistoaren jarraipen batzordearen bilera deitu du Udalak datorren asterako. Sistema sei hilabeterako ezarri zen, proba moduan.

Atez ateko sistemaren aurkako plataformak deituta, hondakinen bilketari buruzko galdeketa egin zen lehen udalerria izan zen Legazpi, eta parte hartzaileen gehiengoa atez atekoaren aurka agertu zen. Galdeketaren ondoren, sistema mistoa ezartzea erabaki zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Legazpi Ingurumena Birziklatzea Euskadin Goierri eskualdea