Gizartea -

2013ko azterketa

Euskara mailak behera eta gaztelania mailak gora, Lehen Hezkuntzan

EAEko Lehen Hezkuntzako laugarren mailako ikasleei dagokien datua da hori. DBHn, berriz, gaztelania gaitasunak behera egin du, eta euskarakoa ez aurrera ez atzera geratu da.

Euskara mailak behera eta gaztelerak gora egin dute Lehen Hezkuntzan. Argazkia: EiTB
Euskara mailak behera eta gaztelerak gora egin dute Lehen Hezkuntzan.
Euskal ikasleek ia ikasgai guztietan jaitsi dute euren gaitasuna

1:04

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaztelania maila hobetu dute azken bi urteotan Euskal Autonomia Erkidegoko gazteek, baina ez euskara maila, ezta matematika eta zientzia arloetako gaitasuna, Eusko Jaurlaritzak atzo aurkeztu zuen azterketaren arabera.

Dena den, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak ohartarazi du zaila dela 2011ko azken datu hauekin alderaketa egitea, besteak beste, proba egiteko euskarria aldatu baitzaie ikasleei, proba idatziz egin beharrean ordenagailuz egin baitute.

Euskal Autonomia Erkidegoko ia 40 mila ikasleri egindako probek utzi dituzte emaitza horiek. Lehen Hezkuntzako laugarren mailako ikasleek emaitzak hobetu dituzte gaztelanian, 2011n baino bi puntu gehiago lortuta. Matematiketan, aldiz, 2 puntu egin dute behera, eta euskaran, 4 puntu.

DBHko 2. mailakoen artean, bestalde, emaitzak duela 2 urtekoen berdintsuak dira hiru ikasgai horietan.

Zientzietan, berriz, oro har, beherakada izan da, horren proba azkenekoz (2009an) egin zenetik, 13 puntu egin dute behera.

Ebaluazio diagnostikoak utzi dituen beste datu batzuk, hauek: emaitza hobeak lortu dituzte itunpeko ikastetxeetan, matematiketan B eta D ereduetan ikasten dutenek atera dituzte emaitza onenak, eta A eredukoak, berriz, zientzietan dira hobeak. Sexuari erreparatuta, neskek mutilek baino nota hobeak atera dituzte, oro har, matematiketan izan ezik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara