Gizartea -

Ikuspegi-ren txostena

Etorkinek laguntzak gehiegikeriaz erabiltzen dituzten ustea da EAEn

EAEko herritarren % 65ek uste du gehiegikeriak daudela; halaber % 60,2k  uste du Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren erruz etorkinek ez dutela lan egin nahi edo ez dutela lanik bilatu nahi.

Irudirik gabe
Irudirik gabe
Irudirik gabe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren % 65en arabera, etorkinek gehiegikeriaz erabiltzen dute Euskadiko babes sozialeko sistema, eta uste horretakoak direnen kopurua sei puntu hazi da urtebetean, Ikuspegi Inmigrazioaren Behatokiak zabaldutako 2013ko txosten baten arabera.

Era berean, zazpi puntu egin du gora, zehazki % 64,9ra iritsita, etorkinek Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta gehiegi erabiltzen dutela uste dutenen herritarren kopurua.

Gainera, % 60,2k  uste du Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren erruz etorkinek ez dutela lan egin nahi edo ez dutela lanik bilatu nahi; 2012an % 55,3k zuen iritzi hori.

Datu horiek gorabehera, EAEko herritarren % 7,2k soilik uste du etorkinak Euskadiko arazo nagusietako bat direla, langabezia, egoera ekonomikoa eta ustelkeriaren atzetik.

Diru Sarrerak Bermatzeko Errentari dagokionean, %30 inguruk uste du bertakoek lehentasuna izan behar dutela eta behin bertakoek dituzten beharrak asetuta, eskubideak etorkinei luzatzea. %24,5k uste du erregulatutako etorkinek soilik jaso beharko lituzketela laguntzak eta %14,7k uste du bertakoek jaso beharko lituzkela bakarrik (2012an baino bost puntu gehiago).

Inkesta egin dutenen erdiak baino gehiagok (%58k, hain zuzen ere) uste du etorkinen etorrerak laguntza sozial bat eskuratzea zailago egingo duela eta %50ak baino gutxiagok efektu negatiboak sumatzen ditu osasun-laguntzari dagokionean. EAEko biztanleen erdiak ere uste du etorkinek eskubideak eta zerbitzuak jasotzeko eskubidea izan beharko luketela, osasuna eta hezkuntza salbuespen moduan jarrita (horiek unibertsalak beharko lirateke izan).

%46k uste du, gainera, etorkinek ordaintzen dituzten zergen baino zerbitzu gehiago jasotzen dituztela.

2013an behera egin zuen etorkinak ekonomia hobetzeko lan egiten dutela (bertakoek nahi ez dituzten lanak hartuz) pentsatzen dutenen portzentaia, iazko %40,6tik %36,6ra igaroz.

%67k uste du lan-kontratua dutenei bakarri utzi beharko lioketela etortzen. Hori berme nahikoa da eta susmoak kentzen ditu. Inkesta egin dutenen erdiak baino gehiagok, %54k, uste du langabezian gelditzea ez dela nahikoa motibo etorkinak kanporatzeko. Aldiz, %64,6 ados dago delituren bat egiten duen etorkin oro kanporatzeko.

2013ko ikerketaren arabera, egoera irregularrean dauden etorkin guztiak kanporatu behar direla uste dutenen portzentaiak behera egin du, 2012ko %21,3tik %16,6ra.

Etorkinen jatorriari buruz, 0tik 10erako eskala batean adeitasun gutxien sortzen dutenak Magrebekoak dira (3,6), Errumaniakoak eta Europa ekialdekoak (3,9), horiek baitira urrutien daudenak kultural eta sozialki. Mendebaldeko Europakoak (6) eta Argentinakoak (5,7) dira adeitasun gehien sortzen dutenak.

Etorkinek euskal identitatean eta euskaran duten efektuari dagokionean, bertakoen hamarretik zazpik uste du ez duela identitaterik galtzen eta ez duela euskal nazionalismoaren aspirazioekin talka egiten. Datu horiekin guztiekin, Ikuspegik EAEko biztanleen tolerantzia maila neurtu du eta 0 eta 100 bitarteko eskala batean 55,35ean (53,62 2012an) kokatzen du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Gizarte zerbitzuak berriak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Dirulaguntzak gaur