Gizartea -

Madrid Arena auzia

Fiskaltzak Madrid Arena auziko 14 inputatu epaitzea eskatu du

Inputatuen artean daude, besteak beste, Miguel Angel Flores enpresaria, eta Diviertt, Seguriber, Kontrol 34 eta Madridec enpresatako langileak.

Madrid Arenako jaian 5 pertsona hil ziren. Artxiboko irudia: EiTB
Madrid Arenako jaian 5 pertsona hil ziren. Artxiboko irudia: EiTB
Fiskaltzak 14 pertsona inputatu ditu Madrid Arenako heriotzengatik

1:16

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Madrid Arena auzian inputatutako 25 lagunetatik 14ri epaiketa egiteko eskatuko dio Fiskaltzak auziko epaileari. 2012ko azaroaren 1ean Halloween gaua ospatzeko Madrid Arena gunean egindako jaian bost pertsona hil ziren jende-olde batean.

Manuel Moix Madrilgo Erkidegoko fiskal nagusiaren eta Jose Javier Polo Madrilgo Probintzia Auzitegiko fiskalaren iritziz, instrukzio fasea amaituta dago eta aurrera egiteko eskatu diote Eduardo Lopez-Palop Madrilgo 51. instrukzio epaitegiko epaileari.

Moix fiskalak hainbat pertsonaren inputazio formala eskatu du, besteak beste, ondorengo pertsona hauena: Miguel Angel Flores enpresaria, Diviertt, Seguriber, Kontrol 34 eta Madridec enpresatako arduradunak eta ekitaldiaren sorospen zerbitzuaren arduradun ziren Simon eta Carlos Viñals medikuak. Zehatz-mehatz esanda, beste hainbat pertsonaren inputazioa proposatu du: Santiago Rojo Diviertt enpresako zuzendari nagusia, Miguel Angel Morcillo Madridec-eko Segurtasun Departamentuko zuzendaria, Rafael Pastor Madridec-eko Operazio Departamentuko Proiektu koordinatzailea, eta Jose Ruiz Ayuso Madridec-eko Operazio teknikaria. Halaber, Juan Jose Paris Nalda eta Raul Monterde Seguriber enpresako koordinatzaile buruak, Jose Antonio Diaz Romero Seguriber enpresako talde-burua, Roberto Mateos Seguriber enpresako segurtasuneko jagolea eta Kontrol 34 enpresako Carlos Manzanares eta Emilio Belliard bazkideak ere inputatzea eskatu du.

Fiskaltzaren esanetan eta, "zantzuen" arabera, bost homizidio delitu eta bederatzi lesio delitu leporatu behar zaizkie hamabi pertsonari. Are gehiago, Simon eta Carlos Viñals medikuei bi hilketa delituren egilekidetza leporatu behar zaie. Halaber, hamar pertsonaren kontrako inputazioak artxibatzeko eskatu du, eta horien artean daude Madrilgo Udaleko Segurtasun eta Larrialdi Zerbitzuetako langileak eta udaltzaingoak.

Bestalde, edozein erantzukizun izatetik salbuetsi ditu Jose Maria Flores Diviertt-ko administratzailea, Jose Luis Rodriguez Caamaño Madridec-eko Segurtasun Departamenduko koordinatzaile burua, Jorge Rodrigo Madridec-eko zuzendari kudeatzailea, Jose Angel Rivero Madridec-eko kontseilari delegatua, Ivan Somontes Seguriber enpresako koordinatzailea eta Segundo Eladio Pupuche Seguriber enpresako segurtasun jagolea.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea