Gizartea -

Sopuerta

La Balugako bi gurasok eta Sopuertako alkateak gose greba egingo dute

Baraualdiari bihar ekingo diote, Bizkaiko herrian Lehen Hezkuntza publikoa exijitzeko egingo duten elkarretaratze baten ostean.

Sopuertako gurasoak Legebiltzarrean egin duten agerraldian. Argazkia: @ehbildu_legebil
Sopuertako gurasoak Legebiltzarrean
Sopuertako gurasoak Legebiltzarrean egin duten agerraldian. Argazkia: @ehbildu_legebil

Eider Garaikoetxea | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

La Balugan (Sopuertan) oraindik matrikulatu gabe dauden umeen bi gurasok eta Bizkaiko herri honetako alkateak gose greba mugagabea egingo dutela iragarri dute, EH Bilduko talde parlamentarioak eitb.eus-i baieztatu dionez.

Bizkaiko udalerrian Lehen Hezkuntza publikoa eskatzen duen guraso taldearen ordezkaritza bat Legebiltzarrean izan da gaur, talde parlamentario honek gonbidatuta, eta han egin dute iragarpena. Azaldu dutenez, gainerako taldeekin bilerak egingo dituzte. Horrez gain, Belen Arrondo EH Bilduko parlamentarioak gai honen inguruan galdetuko dio gaurko saioan Hezkuntza sailburuari.

Carlos Alonso gurasoen ordezkariak iragarri duenez, bihar abiatuko dute baraualdia, Sopuertan 12:00etan egin asmo duten elkarretaratzearen ostean.

Auziaren nondik norakoak

Sopuertan haur hezkuntza publikoa bakarrik eskaini dute orain arte, La Baluga ikastetxea eraiki zeneko hitzarmenaren klausula bati jarraiki.

Udalaren eta Bilboko Gotzaingoaren arteko akordioaren arabera, utzitako lurzorua “haur-hezkuntzako zentro bat” eraikitzeko zen, eta hala egin ezean, apezpikutzak hitzarmena ezerezean uzteko aukera zuela zioen xedapena gehitu zuten.

Horrenbestez, Sopuertako zazpi ume Zallara joatera behartuta daude, hezkuntza publikoan jarraituz gero.

Hezkuntza Sailari presio egiteko asmoz, gurasoek La Balugan matrikulatu zituzten seme-alabak; borondatez lan egiten zuten irakasleek ematen zizkieten klaseak. Alabaina, Hezkuntza Sailak bigarren egunez eragotzi du irakasleak ikastetxean sartzea.

Gauzak horrela, gurasoek euren seme-alabengatik “zerbait gehiago” egin behar dutela pentsatu eta mugagabeko gose-grebari ekingo diotela iragarri dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaiko albisteak Grebak gaur Euskal Eskola Publikoa argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Hezkuntza Aitak albisteak Enkartazioak gaur