Gizartea -

Nobel sariak

Umeen eskubideen aldeko borrokak irabazi du Bakearen Nobel Saria

Malala Yousafzai eta Kailash Satyarthi saritu ditu Norvegiako Nobel Batzordeak.

Malala Yousafzay. EFE.
Malala Yousafzay. EFE.
Malala eta Satyarthi, pakistandarra eta indiarra, bake nobel saridunak

0:00

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Malala Yousafzai 17 urteko pakistandarrak eta Kailash Satyarthi 60 urteko indiarrak irabazi dute dute aurten Bakearen Nobel Saria.

"Haurren hezkuntzaren alde" eta "umeen aurkako jazarpenaren kontra" egindako lana eta borrokak direla eta saritu ditu Norvegiako Nobel Batzordeak, hain zuzen ere.

"Umeek eskolara joan behar dute, eta ez dituzte esplotatu behar", aldarrikatu du Nobel Batzordeak, eta herrialde pobreetan herritarren % 60 hogeita bost urte baino gazteagoak direla gogorarazi du.

Satyarthiren kasuan, "Gandhiren tradizioa" jarraitu duela goratu du batzordeak: "Hainbat protesta eta manifestazio baketsu zuzendu ditu umeen esplotazioaren aurka". Halaber, "umeen eskubideei buruzko nazioarteko goi-bilera ugari" sustatu dituela aipatu du.

Malalari dagokionez, "gaztea bada ere", umeen hezkuntzaren alde borroka egiten "urteak" daramatzala azpimarratu dute. "Umeek eta gazteek ere euren egoerak hobetzea lor dezaketela erakutsi du", gaineratu dute. Gainera, "borroka heroikoa" egin duela eta neskatoen eskubideen ikur dela txalotu dute.

Thorbjon Jagland Norvegiako Nobel Batzordeko presidenteak saridunak indiar bat eta pakistandar bat izatea ere azpimarratu du, bi herrialde horiek etsai tradizionalak baitira.

Malala, umeen eskubideen ikur

Malala Yousafzaik ekintzaileak Sarajov saria jaso zuen iaz, neskatoen hezkuntzaren alde egindako lanagatik. 2012. urtean talibanek tirokatu egin zuten eta gertakari horrek ospe handia eman zion Malalari.

Malalak ez zien talibanen mehatxuei jaramonik egon eta TTP taldeak Malala hiltzea agindu zuen. 2012ko urriaren 9an, Swat bailaran, Malala zihoan autobusa geratu, neskatoa ibilgailutik atera eta buruan tiro egin zioten. Une horretan 14 urte zituen Malalak, eta eraso horretatik bizirik ateratzea lortu zuen medikuek egindako lanari esker. Hala ere, hainbat ebakuntza egin behar izan zizkioten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Egungo munduko albisteak Nobel sariak 2024 Gizartea bideoak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Haurtzaroa albisteak Eskubide unibertsalak Asia Pakistan