Gizartea -

Ebola

Teresa Romero 'larri baina egonkor' dago

Erizaina Zmapp sendagaia jasotzen ari da. Emakumearekin batera, beste 16 pertsona daude Carlos III erietxean. Hala ere, oraingoz kasu bakarra Romerorena dela azpimarratu dute.

Zmapp izeneko sueroa emango diote Teresa Romerori

1:40

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Teresa Romero ebola duen erizain laguntzailea "larri baina egonkor" dago, Carlos III erietxeko iturriek gaur goizean jakitera eman dutenez. Horrela, erizainak larri jarraitzen du. Hala ere, Zmapp sendagaia ematen hasi dira. Orain arte birusaren aurka eraginkortasuna azaldu duen botika bakarra da.

Emakumearekin batera, beste 16 pertsona daude erietxe horretan. Hala ere, oraingoz kasu bakarra Romerorena dela azpimarratu dute.

Ospitaleratutako erizain bati PCR proba egin behar diote berriro, nahiz eta aurreneko probetan negatibo eman eta sintomarik ez izan.

Gauean beste zazpi lagun ospitaleratu dituzte eta pertsona bati alta eman diote. Arrisku handiena duten pertsonak (erizainaren senarra, Alcorconeko erietxean Romero artatu zuen medikua eta osasun zentroan gaixoa artatu zuen medikua) ospitaleko planta berean kokatu dituzte.

Atzo goizean beste bi mediku ospitaleratu zituzten: Alcorconeko bat eta SUMMAko beste bat. Ez dute sintomarik.

Gauean, bost emakume eta bi gizon ospitaleratu dituzte; bi erizain, mediku bat eta ile-apaindegi bateko bi langile, tartean.

Ospitaleko iturriek jakitera eman dutenez, laugarren solairua mediku eta erizainen atsedenerako eta ospitaleratutako pertsonak artatzeko hustu dute. Bestalde, ebola izan dezaketen pertsonak artatzeko, Carlos III erietxeko bosgarren eta seigarren solairuak erabiliko dituzte.

Gainera, ebolarekin erlazionatutako ospitaleratzeei aurre egiteko hirugarren solairua prestatzen hasi dira ostiral honetan, Carlos III ospitalean. Horrela, jadanik lau solairu daude prest paziente horiek artatzeko, zentroko iturriek jakinarazi dutenez.

'Ardurak saihestu nahi ditu'

“Ardurak saihestu” nahi izatea leporatu dio Jose Ramon Romero erizainaren nebak Javier Rodríguez Madrilgo Osasun kontseilariari. Horrez gain, Teresak lehen arretako bere medikuari ebola izan zitekeela esan ez izana zalantzan jarri du erizainaren nebak.

Antena 3 kateari esandakoaren arabera, gaur goizean ez du Teresaren osasun egoeraren berririk jaso. Ospitaleratu aurretik, ebola izan zitekeela susmatu zuen Teresak, eta, horregatik, haren nebak zalantzan jarri du susmo hori medikuari jakinarazi ez izana.

Arrebak akats bat izan izana ez du baztertu, baina prozesu guztian “jendek askok” parte hartu duela gaineratu du: “Afrikan kutsatu ziren misiolariak ekartzea erabaki zuten pertsonak, adibidez. Erabaki hura hartu zutenek bazekiten egoerak okerrera egin zezakeela”.

Adierazpenak ez dituela modu egokian egin eta bere hitzak “zoritxarrekoak” izan zirela aurrez aurre esan dio Ignacio Gonzalez Madrilgo presidenteak Osasun kontseilariari. “Jakin badaki ez zituela adierazpen egokiak egin”, adierazi du.

Madrilgo Erkidegoak aginduta Teresa Romeroren etxebizitza desinfektatzeko egin dituzten lanak gaur amaituko dituzte. Etxebizitzaz gain, bizilagunek erabiltzen dituzten txokoak (igogailua, eskailerak...) ere garbituko dituzte egunean zehar.

Etxearen garbiketa, bukatuta

Teresa Romeroren etxebizitzaren garbiketa amaitu dutela jakitera eman du gaur Alcorconeko Udalak.

'Excalibur' zakurra etxetik atera eta hil ostean, 48 ordu igarota etxebizitza garbitu eta desinfektatu dute gaur.

Eskailera eta atariko igogailua bigarren garbiketa batekin desinfektatu dituzte, eta baita urbanizazioko zona komunak ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia Ebola Erizaintza gaur Madril albisteak gaur