Gizartea -

Zangoza

'Aurreikuspen guztiak gainditu' dituzte Nafarroa Oinez jaian

Aurtengo jaia Zangozako Ikastolak antolatu du, eta irabaziak euskararen erabilera eskualde horretan sustatzeko eta ikastolaren zorraren zati bat kitatzeko erabiliko dute.

Lehenengo ordutik Zangoza jendez lepo egon da
Lehenengo ordutik Zangoza jendez lepo egon da
Eguraldi ederra eta parte hartze zabala 2014ko Nafarroa Oinezen

1:00

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eguraldi bikainak eta milaka lagunen parte-hartzea nagusi gaur, igandea, 2014ko Nafarroa Oinezen. Aurten, Zangozan ospatu dute, ‘Esan izan gozan’ lelopean.

Jaia, ohi legez, zinta bat moztuta hasi da, eta hasiera ekitaldian Uxue Barkos (Geroa Bai), Sabino Cuadra (Sortu), Hasier Arraiz Sortuko presidentea; Pello Urizar EAko idazkari nagusia; Bakartxo Ruiz (Bildu), Patxi Zabaleta (Aralar) eta Jose Miguel Nuin (Izquierda-Ezkerra) Nafarroako Parlamentuko kideak eta Adolfo Araiz EH Bilduren hautagaia izan dira, besteak beste.

Une horretatik aurrera, 2014ko Nafarroa Oinezen ibilbideak ateak zabaldu ditu eta sei kilometrotan zehar, hainbat jarduera eskaini dituzte, lau gunetan bereizita.

Aurtengo jaia Zangozako Ikastolak antolatu du, eta irabaziak euskararen erabilera eskualde horretan sustatzeko eta 1998an haur hezkuntzarako eraikina eraiki zutenean hartutako zorraren zati bat kitatzeko erabiliko dute.

Hirugarren aldia da ikastola horrek Nafarroa Oinez jaia antolatzen duela, 1987ean eta 1998ean antolatu ostean.

Aurreikuspenak gaindituta, gustura azaldu dira Nafarroa Oinezeko antolatzaileak

Nafarroa Oinez 2014ko antolatzaileak oso gustura agertu dira gaurko eguna "arrakastatsua" izan delako eta "aurreikuspen guztiak gainditu" direlako, izan ere, aurreikusi baino jende gehiago gerturatu da Zangozara.

Eguraldi onak lagunduta jende gehiago gertura da, baina aldi berean osasun boluntarioek pertsona gehiago artatu behar izan dituzte, antolatzaileen arabera.

Antolakuntzatik azaldu dutenez, goizean zirkulazio arazoak izan dituzte "herrira sartzeko bideak eskasak direlako etorri den jende kopurua kontuan hartuta", baina arazoak segituan konpondu dituztela nabarmendu dute.

Aurten, Erronka ekimena antolatu dute lehen aldiz Nafarroa Oinez jaiaren baitan, eta bertan Nafarroako Ikastoletako ehun ikasle inguruk parte hartu dute. Ekimena "arrakastatsua" izan da eta Altsasuko Iñigo Aritza ikastolako ikasleak nagusitu dira.

Gainerakoan, lasaitasuna eta festa giroa izan dira nagusi egun guztian eta "ez da nabarmendu beharreko gertakaririk izan".

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Gaurko albisteak Nafarroan Nafarroa Oinez gaur