Gizartea -

Haustura hidraulikoa

Fracking proiektuak globalki ebaluatzea baztertu du Legebiltzarrak

EH Bilduk eta PSE-EEk ebaluazio proiektuak 'bere osotasunean' kontuan hartzea eskatzen zuten. Hala ere, EAJk, PPk eta UPyDk atzera bota dute proposamen hori.

Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak atzera bota du gaur EH Bilduk eta PSE-EEk fracking edo haustura hidraulikoaren inguruan egindako proposamena, EAJren, PPren eta UPyDren botoekin. Haustura hidraulikoarekin loturiko zulaketa bakoitzeko ingurumen-eragina ebaluatzeko ikerketa orokorrak egitea eskatzen zuten EH Bilduk eta PSE-EEk.

Gasteizko Ganberan talde sozialistak eta koalizio abertzaleak aurkeztutako zuzenketa bat eztabaidatu dute, baina Legebiltzarrak atzera bota du. Sozialistek eta koalizioko kideek haustura hidraulikoa egiteko baimen bakoitzeko ingurumen-eragina ebaluatzeko azterketa estrategikoak egitea lehenesten zuten, ikerketa puntualen aurrean.

Laburbilduz, prozedimenduaren edozein unetan, ingurumen, gizarte eta ekonomia bideragarritasunari buruzko ikerketa bat egitea eskatzen zuten, bere osotasunean, "zulaketak eragin ditzakeen kalte zuzenak soilik ebaluatu beharrean".

Geminis proiektua (Bizkaiko kostaldean hidrokarburoak dauden ikertzeko proiektua) gauzatzeko baimen baten ondotik aurkeztu zituzten zuzenketak Legebiltzarrean.

Espainiako Gobernuak 2011ko irailaren 16an onartu zuen Geminis proiektua, eta gaur egun alegazio fasean dago. Alegazio horiekin lotuta, Legebiltzarrak testu bat onartu du EAJren, PPren eta UPyDren botoei esker. Testu horren bidez, kontsulta garaian, "ingurumena babesteko beharrezkotzat jotzen dituen baldintza, neurri eta mugen gainean informazioa emateko" eskatu dio Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Legebiltzarra argazkiak Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Frackinga albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Krisi energetikoa