Gizartea -

Abenduak 21

San Tomas ferian bete-betean murgildu da Donostia

380 kiloko Maikruz txerria protagonista da lehen orduetatik. Aurtengo azokan 235 postu atonduko dituzte txistorra, taloak, gazta eta eskulanak saltzeko.

380 kiloko Maikruz txerria protagonista da
380 kiloko Maikruz txerria protagonista da
380 kiloko Maikruz txerria protagonista da

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiak urteko egunik garrantzitsuenetako bat du gaurkoa. Abenduaren 21a San Tomas eguna da, eta azoka tradizionala egiten ari dira Gipuzkoako hiriburuan. 235 postu atondu dituzte txistorra, taloak, gazta eta eskulanak saltzeko.

Aurtengoa bereziki jendetsua izango dela uste da, igandean delako. Gainera, eguraldia lagun dugu, eta jendetza elkartu da bertan goiz-goizetik.

Lehen ordu hauetan Maikruz txerriak piztu du ikusmina. Bost urteko animalia da, eta Leitzako Arro baserritik ekarri dute. Azkenean, 380 kilo hartu ditu.

Guztira 235 postu atonduko dituzte, 2013an baino 25 gehiago, eta bertan salduko dituzte txistorra, taloak, gaztak, gozoak eta eskulanak.

Txistorra eta beste hainbat jaki dastatzeaz gain, azokak erosketak egiteko aukerak eskaintzen ditu eta lehiaketak ere egingo dira. Horien artean nabarmentzekoa da Euskadiko 19. txistorra lehiaketa.

Santo Tomas Donostia 2014

Konstituzio plazan dago jaiaren erdigunean, baina auzoetan ere badago zertaz gozatu.

San Tomas Donostia EITB

Okendoko animalien azokan elkartuko dira etxeko txikienak, eta barazki eta txorimalo lehiaketak egingo dituzte, pilota partidekin eta bestelako herri kirol erakustaldi batzuekin batera.

Tren zerbitzu bereziak

Euskotrenek tren zerbitzuak indartu ditu Donostian ospatuko den San Tomas Azoka dela eta. Zerbitzu bereziek ohiko zerbitzua osatzen dute, Euskotrenek jakinarazi duenez.

Horrela, Zumaia-Donostia tartean, ohiko zerbitzua indartu da trenak 30 minuturo egon daitezen, 08:20tik 21:20ra (Donostiatik Zumaiara) eta 08:30etik 21:30era (Zumaiatik Donostiara). Azken irteera Donostiatik Zumaiara izango da, 21:50ean.

Irun-Donostia tartean ere, ohiko zerbitzua indartuko  duten trenak dira, 30 minuturo egon daitezen, 07:00etatik 21:30era (Donostiatik Irunera) eta 07:52etatik 21:52era (Irundik Donostiara). Azken trenak Donostiatik Irun/Hendaiara 21:45ean eta Oiartzunera 22:45ean izango dira.

Bestalde, informazio gehiagorako, deitu 902 543 210 telefonora deitu edota sartu Euskotrenen webgunean.

Eguraldi iragarpena

Eguraldiak hobera egingo du. Eguna motel antzetik hasiko da, hodei hondarrak geratuko dira, baina orduak igaro ahala, haizeak ekialdera egin eta argitzera egingo du.

Arratsaldean zerua ia erabat oskarbi geratuko denez, ilundu bezain pronto dezente hoztuko du eta eguna amaitu aurretik baliteke barnealdeko zenbait puntutan izotza egitea. Eguneko tenperaturan, baina, ez da aldaketa handirik izango.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako azken albisteak San Tomas azoka Bilbo Albisteak Gipuzkoa Gizartea bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Azokak gaur