Gizartea -

Hilketa El Salvadorren

Ellacuria auziaren epaiketa 'iruzurra' izan zela uste du Velascok

Auzitegi Nazionaleko epailearen hitzetan, epaimahaiko kideek mehatxuak jaso zituzten. Froga “erabakigarriak” deuseztatu zituztela azaldu du, egun horietako erregistro militarrak esaterako.

Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

1989an bost jesuita hil zituzten, El Salvadorren, horien artean, Ignacio Ellacuria bizkaitarra. Bertan egindako epaiketa “iruzurra” izan ote zen galdetu dio Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak Gorenari; izan ere, zantzu guztiek hori diote.

Erdialdeko Amerikako herrialdean egindako epaiketa iruzurra eta bukatu gabe dagoela frogatzeko argudioak igorri dizkio magistratuak Goreneko bigarren aretoari.

El Salvadorreko Armadaren soldadu talde bat Amerikako Erdialdeko Unibertsitatean (UCA) sartu zen eta sei apaiz jesuita hil zituen, horietako bost espainiarrak eta bat El Salvadorrekoa.

ATLACATL Batailoiaren kideek egindako hilketak argitzeko epaiketa egin zuen El Salvadorreko Justiziak. Velascoren hitzetan, gertakariak “Armadako Estatu Nagusiaren egoitzan egindako plan baten parte ziren eta hilketak agintariek emandako aginduak betez aurrera eraman zituzten”.

Mehatxuak, oztopoak eta frogen deuseztapena

Magistratuaren arabera, epaiketa iruzur bat izan zen. Zentzu horretan, epaimahaiko kideek saioan galderarik egin ez zutela gogorarazi du. Gainera, mehatxuak jaso zituztela aitortu zuten epaimahaiko kideek.

Froga “erabakigarriak” deuseztatu zituztela azaldu du, egun horietako erregistro militarrak esaterako. Epailearen lana oztopatu zuten; izan ere, lekuko militarrek ez zuten deklaratu. Auziko fiskalen lana ere oztopatu zuten. Fiskalburuak “prozedura ez bultzatzeko” presioa egin zien, baita “prentsari informaziorik ez” emateko ere. Horrela, lekuko militar garrantzitsuak galdekatzea debekatu zien fiskalburuak fiskalei.

Biktimen abokatuek eskatutako izapide guztiak atzera bota zituzten. Ikerketa batzordeak ez zituen soldaduak galdekatu, nahiz eta gertakariekin zerikusia zutela “bistakoa izan”. Gainera, Armadako kideei egindako galdeketak nazioarteko ikuskatzaileek ezin izan zituzten egiaztatu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Munduko albisteak 2024 Auzitegi Gorena albisteak Justizia Unibertsala Espainia bideoak Epaiketak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Latinoamerika albisteak Giza eskubideak Erailketak albisteak Ignacio Ellacuriaren hilketa argitzeko epaiketa