Gizartea -

Argentina eta Txile artean

Fernando Ossa mendizalea hil egin da, Andeetan

Paco Vicariok lortu du jaistea eta Argentinako erreskate taldearekin harremanetan jartzea. Gaur saiatuko dira Ossaren gorpua berreskuratzen.

Fernando Ossa mendizalea
Fernando Ossa mendizalea
Fernando Ossa mendizalea hil egin da

0:52

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andeetan harrapatuta zegoen Fernando Ossa mendizale donostiarra hil egin da, mendizaleen gertuko iturriek baieztatu dutenez. Eguraldi txarra izan arren, gaur saiatuko dira Ossaren gorpua berreskuratzen.

Fernando Ossa bi egunez 6.500 metrora harrapatuta egon da, Txile eta Argentina arteko Nevado Ojos del Salado izeneko eremuan. Larri zegoen donostiarra. Berarekin batera Paco Vicario mendizale bizkaitarra zegoen. Karrantzakoa da Vicario,  eta egoera onean dago. Bere kabuz lortu du bertatik jaistea, iturri horien arabera.

Iturri diplomatikoak aipatuz Efe agentziak zabaldu duenez, bi mendizaleen bila irtendako erreskate talde argentinarrarekin kontaktuan dago jada Paco Vicario.

Hain juxtu ere, ostegun honetan ekin zioten berriz bi euskal mendizaleak erreskatatzeko lanei. Argentinako aldetik lurreko erreskatea egiten saiatu ziren, airez erreskatatzen saiatu eta kale egin ostean. Asteazkenean senitartekoekin eta lagunekin harremanetan jarri ziren, SMS bidez, Felipe Uriarte mendizaleak Euskadi Irratian azaldu zuenez. Uriartek adierazi zuenez, denda barruan zeuden.

Ossa bidean geratu zen

Txile eta Argentina arteko Nevado Ojos del Salado izeneko eremuan zeuden harrapatuta, 6.500 metro inguruko altueran. Esna dagoen sumendi altuena igotzeko ahaleginean, Ossa bidean geratu zen gaizki sentitzen zela ikusita, eta espedizioko kideek oso ahul aurkitu zuten gero mendizalea, bigarren kanpalekuan. Alpinista bi lagunekin batera zihoan eskalada ibilbidean, eta horietako bat izan zen behera jaitsi eta Ossaren egoera larriaz ohartarazi zuena.

Hori horrela, helikoptero bat mendizale donostiarra eramaten saiatu zen, baina ezin izan zuen, ezin baitzuen 6.000 metrotik gora hegan egin.

Aire bidezko erreskatea egiten saiatu ziren, baina eguraldi txarra dela eta, bertan behera utzi behar izan zuten, helikopteroak ezin izan baitzuen lur hartu.

Mendizalea Argentinako mugen barruan bazegoen ere, Txileko erreskate taldeak ere abiatu ziren, bertatik bidea are errazagoa delako. Era berean, erreskate talde pribatuak ere bertaratu dira, larrialdietarako asegurua kontratatua baitzuten mendizaleek.

'Atsekabea nagusi' lagunen artean

Club Vasco de Camping elkarteko kideek Facebook sare sozialean Ossa gogoratzeko oharra argitaratu dute. Elkarteko kideak “atsekabetuta” agertu dira Ossa bazkidearen heriotza dela eta.

“Mendizaleentzat okerrena izan daitekeen albistearekin hasi dugu urte berria”, dio oharrak. Azken egunetan “arduratuta” jarraitu dute elkarteko kideek Ossaren egoera.

“Fernandoren heriotzak atsekabetu gaitu. Une zail hauetan gure elkartasuna eta babesa helarazi nahi dizkiegu bere senitarteko eta lagunei”, dio oharrak.

Eusko Jaurlaritzako ordezkariek hildako mendizalearen senideekin hitz egin zuten atzo eta doluminak helarazi zizkieten. Datozen egunetan egin beharreko gestioetan laguntza ere eskaini die Jaurlaritzak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia albisteak Gizartea Albisteak Gaur Albisteak Argentinako albisteak Txile Albisteak eskalada Erupzioa izan duten sumendiak Mendiko istripuak gaur Larrabetzu