Gizartea -

Getxoko sutea

Kaleratutako bederatzi familietatik bost etxera bueltatu dira

Ostegun honetan Getxon (Bizkaia) izan den suteak kaltetutako etxebizitzetatik lauk kalte larriak dituzte eta, ondorioz, bertako bizilagunak ezin izango dira hainbat hilabetez bertara itzuli.

Suteak kalteak eragin ditu etxebizitzako bigarren solairuan. EFE
Suteak kalteak eragin ditu etxebizitzako bigarren solairuan. EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ostegun honetan Getxon (Bizkaia) izan den suteak kaltetutako etxebizitzetatik lauk kalte larriak dituzte eta, ondorioz, bertako bizilagunak ezin izango dira hainbat hilabetez bertara itzuli. Getxoko Udalak jakitera eman duenez, Udaleko teknikariek ikuskatze lanak egin dituzte goizean, zurezko egitura duen etxebizitzan.

Zehazki, Basagoiti Etorbideko etxebizitza batean sutea izan da bart, eta, ondorioz, eraikina hustu behar izan dute. Hala, bederatzi familiak etxetik kanpo igaro behar izan dute Gabon zaharra. Eguerdian, bost familia etxera itzuli dira, baina beste lauk kalteak konpondu arte itxaron beharko dute.

Sutea 01:30ean piztu da 67. zenbakiko 2. solairuan, argitu gabeko arrazoiak tarteko. Egurrezko egitura edukita, garrak arin zabaldu dira eta kalte material nabarmenak eragin dituzte. Bizkaiko Suhiltzaileek 03:00ak aldera amatatu dute. Eraikineko hainbat solairutan kalteak nabarmenak dira. Getxoko Udaleko perituek aztertuko dute eraikina, egituran kalteak ote dauden zehazteko.

Etxetik ateratako bederatzi familiek senitartekoen etxean edo hoteletan eman dute gaua.

Beste sute bat, Gasteizen

Getxokoa gertatu baino ordubete arinago, 00:30 aldera, beste sute bat izan da Gasteizen, Biltzar Nagusien kalean. Etxebizitza jendez hustu dute aurretik, eta ez da inor zauritu. Garrak zazpigarren solairuan piztu dira, eta bertan eragin dituzte kalterik handienak. Eraikinaren fatxada ere belztuta dago, kearen ondorioz. Gasteizko suhiltzaileek amatatu dute sutea.

Barakaldo

Barakaldoko Murieta kalean, berriz, kanpaiekin batera jaurtikitako suziri batek etxe batek balkoia jo zuen eta sua eragin zuen bertan. Eraikin osoko bizilagunek kalera irten behar izan zuten, eta suhiltzaileek sua itzali ostean sartu ahal izan dira berriz. Ez da inor zauritu.

Lau auto kiskalita, Mutrikun

Bestalde, Mutrikuko kaiaren jaitsieran aparkatutako lau auto kiskali dira. Segurtasun Sailaren arabera, garrak ibilgailuetako batean piztu dira aurrena, eta ondoren, inguruan zeuden beste hirutan kalteak eragin dituzte. Horrez gain, gertu dagoen etxebizitza bateko fatxadan kalteak eragin ditu keak.

Sutea eragindakoa edo berez piztutakoa izan den ikertzen dabil orain Ertzaintza.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Getxo bideoak Zer gertatu da Bizkaian? Albisteak Gipuzkoa Suteak bideoak