Gizartea -

Andeetan hildako mendizalea

Mendira 'oso prestatuta' igotzen zen Osa, haren anaiaren arabera

Jon Osak agertu duenez, anaiak ez zuen inoiz istripu larririk izan. Familiak espero du gorpua datorren astean izatea Donostian. Argentinak gaur goizean bidali du gorpua jaisteko espedizioa.

Fernando Ossa mendizalea
Fernando Ossa mendizalea
Dolumina nagusi, euskal mendizaleen artean

1:20

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andeetan atzo zendutako Fernando Osa mendizale donostiarrak ez zuen aurrez istripu larririk izan eta mendira "oso prestatuta" igotzen zen, haren anaiak, Jon Osak azaldu duenez.

Bizkaian bizi eta Zamudioko Parke teknologikoan lan egiten zuen Donostiako familia bateko sei seme-alaben artean nagusiena zen Fernando Osa. Mendizale amorratua, 6.000 metroko mendietan ibilitakoa zen, anaiak azaldu duenez.

Andeetan, Argentina eta Txile artean dagoen Ojos del Salado eremuan, bi egunez isolatuta eta "larri" egon ondoren, atzo zendu zen euskal mendizalea. Berarekin batera zegoen Paco Vicario onik atera da.

Jon Osaren esanetan, gorpua aztertuko duten medikuek zehaztuko dute zerk eragin zuen heriotza.

"Dena ondo bidean", anaiaren gorpua Donostiara ekarri ahal izatea espero du Jon Osak, baina ez du zehaztu noiz izan daitekeen. "Espero dut datorren asterako hemen egotea", agertu du.

Erakundeek familiari emandako babesa eskertu du Fernando Osaren anaiak: "Babes handia izan dugu. Jendeak eta erakunde askok elkartasuna adierazi digute", erantsi du.

Argentinako espedizioa

Argentinako larrialdi zerbitzuek lurreko espedizioa bidali dute alpinistaren gorpua jaisteko, diplomazia iturriek jakitera eman dutenez.

Espedizioa gaur goizean abiatu da, eta Osa bi egunez isolatuta egon zen lekura gaur bertan iristea espero dute.

Espainiako diplomazia iturrien eta bertako Poliziaren esanetan, larrialdi zerbitzuek mendizalearengana iristeko egin behar duten ibilbidearen azken zatia "oso zaila" da.

Doluminak, Larrabetzuko alkatearen partez

Maria Asun Gaztelu Larrabetzuko alkateak Fernando Osa mendizalearen familiari doluminak helarazi dizkio. Hildako mendizalea Bizkaiko udalerri honetan bizi zen, jatorriz donostiarra zen arren. Gazteluk azaldu duenez, Osaren senitartekoekin harremanetan jartzen ahalegindu dira goiz guztian zehar, alferrik, baina. Hori horrela, Larrabetzuko Udala "une gogor hauetan Osa familiak behar duen horretan laguntzeko prest" dagoela agertu du alkateak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Gizartea bideoak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Latinoamerika albisteak Albisteak mendia Mendizaleen istripuak Larrabetzu gaur