Gizartea -

Zubietako erraustegia

GHK: ''Swap'en izaera espekulatiboa onetsi du epaiak'

Sententziaren edukiarekin ados ez dagoela azaldu du Ainhoa Intxaurrandieta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko presidenteak, baina helegitea aurkeztuko duten ez dakite.

Ainhoa Intxaurrandieta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko presidentea. Argazkia: EFE
Ainhoa Intxaurrandieta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko presidentea. Argazkia: EFE
Ainhoa Intxaurrandieta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko presidentea. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zubietako erraustegia eraikitzeko interes estaldura kontratuak edo ‘swap’en aurka salaketa aurkeztu zuen Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK), baina epaitegiek atzera bota dute. Horregatik, epaiak ‘swap’en “izaera espekulatiboa onetsi” duela kritikatu du GHKk. “Produkturik egokiena” zela frogatutzat jo dute auzitegiek, nahiz eta epaiketan “onena ez zela demostratu”, GHKren esanetan.

Donostiako Lehen Auzialdiko 4. Epaitegiak igorritako sententziaren edukiarekin ados ez dagoela azaldu du Ainhoa Intxaurrandieta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko presidenteak, baina helegitea aurkeztuko duten ez dakite. Abokatuek helegitea aurkezteko gomendioa eman ezkero, errekurtsoa aurkeztuko dutela gaineratu du Intxaurrandietak.

Antton Lete GHKko zuzendari nagusiak eta Intxaurrandietak prentsaurrekoa eman dute Hernanin (Gipuzkoa). Epaiak egungo egoera aldatzen ez duela uste du Intxaurrandietak; izan ere, La Caixarekin eta Santander bankuarekin kontratatutako kredituen interesak ordaintzen jarraitu beharko du GHKk. Interes estaldura kontratuak iragan legealdian sinatu zituzten erraustegia finantzatzeko, baina Martin Garitanoren Foru Gobernuak azpiegitura ez eraikitzea erabaki zuen.

GHKko arduradun ohiek erantzukizuna dutela esan du Intxaurrandietak; izan ere, orain hilero 670.000 euroko interesak ordaindu beharko dituzte gipuzkoarrek. Horrela, erantzukizuna Carlos Ormazabal (EAJ) presidenteari eta Denis Itxaso sozialistari leporatu die Intxaurrandietak. Bi arduradunek erraustegi “handiegia” diseinatu zutela kritikatu du.

“Erantzukizun penalak”

Bestalde, Bilduko kargudunen ustezko “erantzukizun penalak” eta “politikoak” argitzeko ekimenak iragarri ditu San Markos Mankomunitateak. Mankomunitatearen hitzetan, zaborren “kudeaketa ausartegia” izan da eta gipuzkoarrak “2029ra arte hipotekatu” ditu; izan ere, 68 milioi euro ordaindu beharko dituzte, Denis Itxaso sozialistak prentsaurrekoan salatu duenez.

Era berean, Maria Eugenia Arrizabalaga Gipuzkoa Buru Batzarreko (GBB) bozeramaileak eta Carlos Ormazabal Ingurumen diputatu jeltzale ohiak ‘swap’en inguruko epaia baloratu dute. EAJko bi ordezkarien arabera, erraustegia finantzatzeko kontratatutako produktua “Europako Inbertsio Bankuaren (BEI) baldintzak betetzen zituen bakarra zen”. “Aurreko legealdian egindako guztia ondo” zegoela berretsi du erabaki judizialak, gaineratu dutenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Gipuzkoa