Gizartea -

Droga trafikoa

350 kilo kokaina atzeman dituzte Bilboko Portuan

Droga porturatzen saiatzen ari zen ontzi bat geldiarazi dute eta bost lagun atxilotu dituzte Espainiako Poliziaren agenteek. Azken urteko operazio garrantzitsuena izan da honakoa EAEn.

Bilboko Portu inguruan atzemandako kokaina. Argazkia: Espainiako Polizia
350 kilo kokaina atzeman dituzte Bilboko portuan

02:08

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Poliziaren agenteek 350 kilo kokaina Zierbenan (Bizkaia) porturatu nahi zuten bost lagun atxilotu zituen asteartea,  eta ontzian zegoen droga atzeman zuten. Bizkaian eta  Kantabrian drogarekin trafikatzea egotzi diete atxilotutakoei.

Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak prentsaurrekoan eman ditu azken urteko droga trafikoaren kontrako operazio garrantzitsuenetakoa izan den honen xehetasunak. Azaldu duenez, abuztutik dabil Polizia trafikatzaile honen peskizan. Orduan jakin zuten droga kopuru handia Bizkaiko portuan uzteko asmoa zutela eta urtarrilean, kokaina ekartzeko erabil zezaketen ontziaren arrastoa topatu zuten Getxoko Portuan.

Orain egun batzuk, ontzia "mugimendu arraroak" egiten ikusi zuten Bizkaiko eta Kantabriako kostaldean eta asteartean Zierbenako Portura hurbiltzeko saiakera egiten atzeman zuten. Egun horretan zegoen "itsaso zakarra"ri aurrera eginez, trafikatzaileen ontziaren atzetik joan ziren agenteak, "euren bizia arriskuan jartzen", Urquijok nabarmendu duenez.

Hain justu, alderdi politiko batzuek, Sorturi erreferentzia argia eginez, Estatuko Segurtasun indarrekiko duten "eskergabekeria" salatu du Urquijok.

Operazioa zabalik dago oraindik. Gerora Santurtzin, Leioan, Sopelan eta Kantabriako hainbat herritan egindako miaketetan 2.710 euro, 250 gr. kokaina, kilo bat marihuana, pistola bat, kargadore bat, 69 bala eta droga manipulatzeko hainbat gailu atzeman ditu Poliziak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da gaur Bizkaian? Drogak gaur