Gizartea -

Nafarroan

Bi urteko espetxe zigorra 15 urteko neskato bat erasotzeagatik

Gizonezkoak, gainera, ezingo du hiru urtez neskatoarengandik 100 metro baino gutxiagora gerturatu eta ezingo du neskatoarekin “inongo harremanik” izan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi urteko espetxe-zigorra ezarri diote 55 urteko gizonezko bati 15 urteko neskato bati sexu-erasoa egiteagatik. Gertaerak Nafarroako Allo herrian izan ziren. Gizonezkoak eta adingabeak elkar ezagutzen zuten, biak bertako bizilagunak baitziren.

Bi urteko espetxe-zigorraz gain, gizonezkoak ezingo du hiru urtez neskatoarengandik 100 metro baino gutxiagora gerturatu eta ezingo du neskatoarekin “inongo harremanik” izan. Nafarroako Auzitegian errekurtsoa jarri daiteke auziari.

2014ko urtarrilaren 12an izan zen erasoa, arratsaldeko bostak aldera. Neskatoa bere txakurrarekin zebilen, euria hasi eta herrira itzuli zenean. Bere txakurra paseatzen zebilen akusatuarekin elkartu zen herrian.

Epaiaren arabera, biek elkar ezagutzen zuten, bizilagunak baitziren eta familiek “egoera horri dagokion harreman normala” baitzuten.

Hitz egiten hasi ondoren, gizonezkoak gertuko babestoki batera joateko gonbita luzatu zion neskatoari. Han, adingabeak pisua galtzeko zuen asmoa agertu zion eta gizonezkoak abdominalak egiteko proposatu zion. Ondoren, “modu lizunean” hasi zen neskatoa ukitzen eta musu ematen saiatu zen. Neskak “atzera egin zuen ekidin ahal izateko”.

Une horretan, eta epaiaren arabera, beste bizilagun baten txakurra heldu zen eta akusatuak bere jarrerari amaiera eman zion. Adingabeari “ezer ez esateko eta iritziz aldatuko zuela” eskatu zion.

Gertaera horren ondorioz, 15 urteko neskatoak “asaldu emozionala, gainerakoekiko konfiantza eza, negarra eta egoerak saihesteko jarrerak” izan zituen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa