Gizartea -

Denboralea

Alerta laranja ezarri dute EAEn elurragatik

500 metroan egin dezake. Horrez gain, txingor ekaitzak eta prezipitazio gogorrak espero dira.

E.G | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du elurragatik Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Nafarroan, zertxobait lasaiagoa da egoera, baina Aemetek abisu horia du indarrean ipar isurialdean, Nafarroa erdialdean eta Pirinioetan.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, 500 metroan egin dezake elurra gaur.

Elurra ez ezik, txingorra eta prezipitazio gogorrak ere izango dira goizean, batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, hori dela eta, abisu horia ezarri du Euskalmetek. Azken orduetan egindako euriak, hain justu, hainbat istripu eragin ditu errepideetan.

Itsasoan ere ez da giro izango, eta lau metrorainoko olatuak izango direla iragarri dute adituek.

Eguraldiak hobera egingo du egunak aurrera egin ahala, eta arratsalderako euri txikia baino ez dute aurreikusi. Elur-kota 700 metrora igoko da.

Nafarroan, Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak abisu horia ezarri du, elurragatik, Pirinioetan, ipar isurialdean eta foru erkidegoaren erdialdean. Iragarpenaren arabera, 400-600 metro artean egingo du elurra, eta 2-3 zentimetroko geruza pilatzea espero dira.

Ostiralerako, hobekuntza igarriko da eguraldian. Ez da ia prezipitaziorik izango, eta, izatekotan, gutxi eta tarteka egingo du. Elurragatik ezarritako abisu horiak indarrean jarraituko du, eta 500-700 metroan egingo du. Larunbatean, fronte batek euria ekarriko du, batez ere arratsaldean eta lurraldearen iparraldean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eguraldia argazkiak